2014/01/11

Joxe Jabier Uresberueta





Donostiako arraunaren historian pertsonaia batzuk aski ezagunak ditugu. Luis Karril edo Kiriko modukoak ohikoak dira arrauna atsegin dugunon imajinarioan. Beste batzuk, ordea, zertxobait ahaztuta ditugu nolabait. Horietako bat dakarkizuet gaurkoan hona: Joxe Jabier Uresberueta.

Joxe Jabier Uresberueta Ugarte (Donostia, 1850 - 1927) Donostiako patroi bat izan zen, XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran bere garrantzia izan zuena bai kirol-arloan bai arrantzaren munduan.

Arraunlari modura, blog honetan aipatua dudan batel-desafio batean parte hartu zuen 1869an, artean 19 urteko gaztetxoa zela. Getariako eta Donostiako batel bana aritu ziren, Getariatik Donostiarako ibilbidean; Donostia izan zen garailea, eta garai hartan entzute handia izan omen zuen estropada hark.

Patroi gisa ere garaipen azpimarragarriak eskuratu zituen. 1883ko Kontxako Bandera irabazi zuen Angelita traineruarekin. Bigarren geratu zen 1898an, Ondarroaren atzetik, eta 1906ko banderan ere parte hartu zuen. Kazeta batzuetan esaten denez, Luis Karril berari irabazi zion 1882an Kontxako estropada batean, baina argitzeke dago Kontxako Bandera zen ala bestelako estropada bat izan zen hura.

Arrantzaren arloan, berriz, ekarpen garrantzitsua egin zuen Donostiako portuan, bera izan baitzen Donostiara ohiko traineru eta lantxen ordez arrantza-baporeak sartu zituen lehen arrantza-patroia.

1900ean, Pierre Mari baporea erosi zuen Donibane Lohizunen, eta Denak-Bat izen berria emanda, Donostian matrikulatu zuen. Hasieran, barre artean hartu omen zuten arrantzaleek Joxe Jabierren "okurrentzia" hura, baina aldaketak ekartzen zituen onurak nabarmenak izan ziren: arrantzatzen zen kantitatea askoz handiagoa zen, eta bisiguak oso fresko iristen omen ziren portura (kaian uretara bota eta bizirik igerian joan omen zen alerik ere izan omen zen). Horregatik, gerora, beste bapore batzuk ekarri zituen Donostiara Uresberuetak; Bella Donostia eginarazi zuen Donibane Lohizuneko Letamendia ontziolan, eta, geroago, Ederrena eraikiarazi zuen Donostian, Mari Bautista Hondarribian eta Calbeton Mutrikun.

Ea denon artean ezagunagoak egiten ditugun gure arrauna handi egin zuten pertsonaia hauek denak.