2013/10/07

1934: Kontxan puntetatik kanpora aritzeko proposamena

1934ko Kontxan parte hartu zuen Amaikak Bat talde donostiarra
Kontxako Banderak zeresana, eztabaida eta saltsa sortu izan ditu bere historia luzean zehar. Ez da alferrik traineru arraunketan dagoen estropadarik garrantzizkoena. Esanak esan, halaxe baita. Urteen joan-etorrian traineru, herri eta afizio ugarien kateak osatutako tradizioaz gainera, dudarik gabe bere ibilbide berezia da Kontxak duen erakargarrietako bat. Eta, hala ere, hainbat aldaketa izan ditu ibilbideak historian zehar. Adibidez, traineruak ikusleen bistatik urrunegi aritzen zirela iritzita, badia barruan aritzeko ibilbide zirkular bat eratu zen XIX. mende amaierako urte batzuetan.

Paper zaharrak arakatzen ari nintzela, ikusi dut 1930eko hamarkadan izan zela ibilbide hori aldatzeko beste saio edo iritzi-joera bat. Dirudienez, batzuen ustez pena zen traineru guztiak txanda berean aritu ezina eta traineruak txanda desberdinetan bananduta lehiatu beharra. Hori konpontzeko, irtenbide bitxi bat plazaratu zen: badiak eta, bereziki, bi puntek eratzen zuten espazio-hersturari ihes egin, eta traineru denak puntetatik kanpora aldi berean arituko liratekeen ibilbidea eratzea. Horixe ikusi dugu 1934ko banderari buruzko El Día egunkariko artikulu honetan. Ez dirudi idazkia idatzi duena ados dagoenik, eta hain zuzen bi puntek eratzen duten ingurune eder berezia eta hortik barrura badian goza daitekeen ikuskizuna goraipatzen ditu ideia xelebre hori baztertzeko. Honela dio:
«Alpeŕik ari zerate, adiskideak, ez da treñero estropadetarako gure Kontxa bezelakorik.
Akats bat: treñero guziak batera ezin jokatua. ¡A lengo igandean ere sei treñeroak batera izan balira!
Baña akats orixe aitortu aŕen, nun arki dezakezute Igeldo, Santa Klara, Gaztelu eta ondartza arteko edertasun ori? Kontxa baŕenen irten ta bi mutuŕetarañoko bero ura, ta itxaso zabalean leiatu ondoren bi mutuŕetatik baŕena sartu ta irixten diran artekoa, ezin diteke iñon berdindu.
Onegatik aitortu degun akatsa zuzendu nairik, ni mutuŕetatik kanpora treñero guziak batera bota ditezkela diotenai, zer dioten ez dakitela esango nieke. ¡Estropadak erdia galduko bailukete!
Ez, ez, auŕera ere, beti, gaur bezelaxe jokatu bitez gure estropada bikain abek. Akats ta guzti, olaxe baitira ikusgaŕien.» 
Ez dut uste oker dagoenik. Zenbat estropada amaiera eder, zenbat lehia estu, zenbat emaitza-iraultze, zenbat emozio eder ez ote ditugu ba ikusi puntetatik barrurako ibilbide horretan. Ez dirudi oihartzun handiegirik izan zuenik ideia bitxi horrek, ez baita beste inoiz horrelako asmorik planteatu izan. Eta hala gera bedi... artikuluak dioen bezala "akats eta guzti, holaxe baitira ikusgarrien".

Gero datu interesgarri batzuk aipatzen ditu artikuluan apustuen harira, eta pronostiko bat ere egiten du. Tamalez, azken emaitzak ikusita, ezin da esan iragarle gaitasun handirik izan zuenik. Baina tira.

No hay comentarios:

Publicar un comentario