2013/10/26

Historia errepikatzera kondenatuta?

Zuria indartu eta prestigiatu beharreko kolorea da Donostian

Esaera ezagun batek dioenez, bere historia ezagutzen ez duen herria kondenatuta dago historia horixe errepikatzera. Egia izango da, seguruenik; ez dut ezetzik esango. Pentsatzen dut akatsak ez errekipatzeko ohar gisa sortu zela esaera hori, etorkizun hobea bermatzeko, alegia. Baina, Donostiako arraunari gagozkiola, historia errepikatzea zer da, kalterako edo onerako? Segurua den gauza bakarra da ezagutu behintzat ez dela oso ondo ezagutzen.

Duela egun batzuk, otordu osteko solasaldi batean arraunaren gaia atera zen mahai gainera. Ondo jan eta edan ondorengo denbora  tarte hori egokia izaten da berriketarako, baina ez da hain aproposa izaten sosegurako. Nahiz eta adiskidetasun sanoan izan. Onartu behar dut nire solaskide gehienak (herri bat baino gehiagoko jendea bildu ginen) ez zirela arraunzale handiak eta askorik ere ez zekitela arraunari buruz. Ezer ez ez esatearren. Bueno, bai, zeozer bazekiten, mediatikoki azken urte apur hauetan zabaldu dena besterik ez. Kontua da Kontxa, Donostia eta horrelakoez ari ginela, lasai asko barrezka hasi zirela nire bizkar. Aluak. Nire eta Donostia arraunean (izan) denaren bizkar barre. Sabela lehertu beharrean. Zer nahi duzue esatea, ohituta ere banago horrelakoak jasatera (nire defektuetako bat da alderdi ahulak oso agerian uzten ditudala eta xirikatzaile amorratuenek etengabe erasotzen didatela hortik), baina, bizkar zabala izanda ere, gogaitu ere egiten da bat azkenean. Eta protesta artean nire argudioak ematen hasi nintzen, isiltasuna lortzeko Fernando Arrabalen modura mahaian kolpeak sutsuki ematen nituen bitartean. Beste herrietakoei gero azalduko ditudan gauzak esan nizkien; baina mingarriena, dudarik ez, solaskide donostiarrek egindako barreak gertatu zitzaizkidan. Tu quoque, Bruto... donostiar polikromo horiek. Jas!

Donostiar horiei alferrik zen esplikatzea Donostia historikoki arraunaren elitea izan zela ("zein koño dira Kiriko, Soterotxo eta Luis Karril", "ez kontatu aiton zaharren batallitarik, astuna haiz gero"), edo arraunketa olinpikoan Euskal Herriko aitzindariak eta onenak izan garela luzaro ("buuu, zeini axola zaio banko mobila"), arraunlari olinpikoak eta Munduko txapeldunak izan ditugula ("zeini inporta zaio Erroma", "baina hori ez al zen San Pedrokoa") edo, iragan urrunera joan gabe, 1990ko hamarkadan ere Kontxan lehen hiruren artean geratu izan garela ("asmatzen ari haiz, ze froga daukak" frogak eskatzen ez zizkidaten ba... "hoa Youtubera, babua, ETB ordurako hortxe zioken eta" esaten nien) edo hamarkada horretan Espainia eta Euskadiko Traineru Txapeldun izan ginela, edo Traineru Liga nagusian laugarren edo Espainiako Txapeldun 8+ ontzian. Alferrik. Barre. Donostia eta arrauna... gauza barregarriak kontatzen ari nintzen, antza. Eta pentsatzen nuen nerekiko: zein izango gure bekatua (penitentzia latza pasarazten diguna), azken 15 urte mediatiko hauetan kontrako pausuan ibili dela arraun donostiarra, desagertu egin garela foko nagusietatik, eta ezjakinaren memoriak oso ibilbide laburra duela.

Beste herrietako solaskideei, errespetu pixka bat eskatzeaz gainera (abutxeatu ere egiten zidaten aizue, kirten haiek), esan nien gurekiko estereotipo batzuk kriterio handirik gabe errepikatzen ari zirela, loro zahar batzuk bezala. Haietako bati esan nion bere herriari beti aitortuko niola arraunean handia dela, nahiz eta 50 urte luzez Kontxan izan zuten papera guztiz testimoniala izan. Eta hutsune luze hori izanagatik inork ez zuela haien meritu historikoa ukatzen; ez zuela, beraz, hainbeste alaitasunik izan behar guri buruz txorradak esaten ibiltzeko. Arraunketa olinpikoan hutsaren hurrengoak izan direla ahaztu gabe, noski. Beste eztabaida-fronte batean, arraunaz hitz egiten ari garela txapela kendu behar den herri batekoa den beste bat 1950ko Esperanza hura eta "arrautza" famatua aipatuz hasi zen marmarrean (nola ez), ogi-mami zatiak burura jaurtitzen hasi zitzaizkidan unean hain zuzen. Nik ezetz, ordea. Traineru hartako tripulazioaren erdia baino gehiago donostiarrak zirela, eta ez dudala ezagutzen gorringo zuria duen arrautzarik. Eta, aizu, gerora ikusi dena ikusita, ea kanpoko arraunlariak ontzi barruan izateak noiz utzi zion barregarri izateari... denok barre egin dezagun orain. Sabela lehertu beharrean. Alferrik. Azkenik (ogi-koxkorrak bota eta kaskarrean min ere egin zidaten artaburu haiek orduantxe), esan nien hemen denak garela oso arraunzale eta oso autentiko, bai, baina norberaren trainerua gorengo mailan ez dagoen urteetan nekez ikusten dela herri horretako zapi eta kamisetarik kaleetan zehar. Ez ditut alferrik ikusi Donostiako kaleak Kontxako Banderan azken ia 40 urteotan, urte bat bera ere huts egin gabe. Alferrik. Barre. Donostia eta arrauna... gauza barregarriak.

Esan bezala, gure bekatua da azken urteotako garai mediatikoan kontrako pausuan sartu ginela. Eta horregatik jende askorentzako ez garela existitu ere egiten. Baina ez hori bakarrik. Lehengoan bati irakurri nion, eta egia da, arraunketa modernoan Gipuzkoako arraun-herri historiko guztiek izan dutela garaile izan diren une bat: Hondarribia, Pasai San Juan, Pasai San Pedro, Orio, Zumaia. Salbuespena: gu, Donostia. Eta susmoa dut hor aukera handi bat galtzen utzi genuela. 1983-1993 hamarkadako belaunaldi donostiar bikaina dut gogoan: Segurola olinpikoa zuen Ur-Kirolak hura, Frances tostetan zuen Donostia hura, Genoba eta Elizalde munduko txapeldunak eta jauregitarrak zituen Arraun Lagunak hura... eta garai hartako beste hainbat arraunlari donostiar. Zer ez ote zukeen lortuko traineru donostiar bateratu batek? Edo 8+ ontzi bateratu batek? Akaso ezer hoberik ez, akaso ez. Baina bateratu ezak badakigu zer ekarri zuen: baliabide horiek denak sakabanatu eta beste herrietan garaipenak lortzera joatea. Akaso ezer hoberik ez zen lortuko, baina akaso bai, eta lor zitekeen hura akaso izango zen etorkizunaren (orainaren) oinarri sendoa jarriko zuen zerbait. Eta, ezjakinen batek ez lidake ogi-mamirik botako barre artean, ustez bera bezain guaia izango nintzelako. Eta donostiar baten bat ez zen barre horietara batuko, herritarrekin modu unibokoan identifikatzen den kolore bat izango zuelako. Ez klub hau edo hura, baizik kolore zuria.

Baina, tira, utz diezaiogun iragan fikzioa egiteari, eta historia errepikatzera kondenatuta egonez gero, pentsa dezagun gure iraganaren zein parte nahi dugun errepikatu, eta zein ez. A, eta barre egin nahi duenari gogoratu nahi diot norbere buruari barre egiten hastea dela osasungarriena.

Hurrengoan, gin-tonicak zuen kontura. Niretzat Anis del Mono. :)

2013/10/07

1934: Kontxan puntetatik kanpora aritzeko proposamena

1934ko Kontxan parte hartu zuen Amaikak Bat talde donostiarra
Kontxako Banderak zeresana, eztabaida eta saltsa sortu izan ditu bere historia luzean zehar. Ez da alferrik traineru arraunketan dagoen estropadarik garrantzizkoena. Esanak esan, halaxe baita. Urteen joan-etorrian traineru, herri eta afizio ugarien kateak osatutako tradizioaz gainera, dudarik gabe bere ibilbide berezia da Kontxak duen erakargarrietako bat. Eta, hala ere, hainbat aldaketa izan ditu ibilbideak historian zehar. Adibidez, traineruak ikusleen bistatik urrunegi aritzen zirela iritzita, badia barruan aritzeko ibilbide zirkular bat eratu zen XIX. mende amaierako urte batzuetan.

Paper zaharrak arakatzen ari nintzela, ikusi dut 1930eko hamarkadan izan zela ibilbide hori aldatzeko beste saio edo iritzi-joera bat. Dirudienez, batzuen ustez pena zen traineru guztiak txanda berean aritu ezina eta traineruak txanda desberdinetan bananduta lehiatu beharra. Hori konpontzeko, irtenbide bitxi bat plazaratu zen: badiak eta, bereziki, bi puntek eratzen zuten espazio-hersturari ihes egin, eta traineru denak puntetatik kanpora aldi berean arituko liratekeen ibilbidea eratzea. Horixe ikusi dugu 1934ko banderari buruzko El Día egunkariko artikulu honetan. Ez dirudi idazkia idatzi duena ados dagoenik, eta hain zuzen bi puntek eratzen duten ingurune eder berezia eta hortik barrura badian goza daitekeen ikuskizuna goraipatzen ditu ideia xelebre hori baztertzeko. Honela dio:
«Alpeŕik ari zerate, adiskideak, ez da treñero estropadetarako gure Kontxa bezelakorik.
Akats bat: treñero guziak batera ezin jokatua. ¡A lengo igandean ere sei treñeroak batera izan balira!
Baña akats orixe aitortu aŕen, nun arki dezakezute Igeldo, Santa Klara, Gaztelu eta ondartza arteko edertasun ori? Kontxa baŕenen irten ta bi mutuŕetarañoko bero ura, ta itxaso zabalean leiatu ondoren bi mutuŕetatik baŕena sartu ta irixten diran artekoa, ezin diteke iñon berdindu.
Onegatik aitortu degun akatsa zuzendu nairik, ni mutuŕetatik kanpora treñero guziak batera bota ditezkela diotenai, zer dioten ez dakitela esango nieke. ¡Estropadak erdia galduko bailukete!
Ez, ez, auŕera ere, beti, gaur bezelaxe jokatu bitez gure estropada bikain abek. Akats ta guzti, olaxe baitira ikusgaŕien.» 
Ez dut uste oker dagoenik. Zenbat estropada amaiera eder, zenbat lehia estu, zenbat emaitza-iraultze, zenbat emozio eder ez ote ditugu ba ikusi puntetatik barrurako ibilbide horretan. Ez dirudi oihartzun handiegirik izan zuenik ideia bitxi horrek, ez baita beste inoiz horrelako asmorik planteatu izan. Eta hala gera bedi... artikuluak dioen bezala "akats eta guzti, holaxe baitira ikusgarrien".

Gero datu interesgarri batzuk aipatzen ditu artikuluan apustuen harira, eta pronostiko bat ere egiten du. Tamalez, azken emaitzak ikusita, ezin da esan iragarle gaitasun handirik izan zuenik. Baina tira.