2013/07/11

Donostia ezagutzeko, arraun egitera Oriora

Gaur idatziko dudana ez da inoren aurka idatzia. Kritika bat ere ez dela esango nuke; gogoeta bat besterik ez da. Inor ez dadila mindu, beraz. Nire buruan ibili ohi ditudan betiko ideia aspergarrien beste buelta bat da. Eta, forofo txepel bat naizenez, txepelkeriak esateko eskubidea aldarrikatzen dut, ze demontre.

Dakizuenez, langileon egutegiak eta hezkuntza-sistemarenak oso zail egiten dute ditxosozko kontziliazioa, eta, uda iristean, gure umeen kargu nor egingo ote den izan ohi da gurasoon buruhausteetako bat. Aiton-amonak eta gainerako senitartekoak ere ez dira nahikoa izaten lantegi horretarako, eta udaleku antolatuetara bidali ohi ditugu askok haurrak. Nire alaba Kutxa Gizarte Ekintzak antolatzen dituen Donostia Ezagutuz izeneko udalekuetara joaten da goizetan. Egia esan, oso ondo pasatzen dute, ederki antolatuta daude, eta gure hiriak eskaintzen dituen leku eta jakingarri asko ezagutzen dituzte.

Udalekutik itzuli zen eguerdi batean, zera esan zidan: “Aita, etzi arraun egitera eramango gaituzte.” Hara, pentsatu nuen, zeinen ideia ona haurrak arraun egitera eramatea, dibertituz hartzen dira-eta horrelako zaletasunak ondoen. Gure kirola umeei erakustea oso jarduera aproposa iruditu zitzaidan. Eta jarraitu zuen: “Bai, Oriora goaz, eta hango instalazio batean egingo dugu arraun”. Hara!

Bale. Ulertzen dut Kutxak dirutza ederra jarri zuela Orioko Arraunetxe egiteko, eta seguru asko hobe beharrez eskaintzen zaizkie haurrei Kutxaren diruz ordaindutako arraun-instalazio berrienak eta onenak. Dudarik ez dut horretan. Badakit Kutxa ez dela Donostiakoa bakarrik eta instalazio hori berez ez dela oriotarrentzat bakarrik eta, beharbada, hitzarmen moduko bat ere izango dutela bi erakundeek. Baina udalekuaren izena Donostia Ezagutuz izanik, esanguratsua ere iruditu zait arraun egin behar eta ume donostiarrak Oriora eramatea, Donostian arraun klubik eta, are gehiago, arraun egiteko instalazio ederrik ez balego bezala. Ez dakit... klub donostiarrek kontuan hartu beharreko zerbait iruditu zait, identifikazioak txikitatik landu behar direla uste baitut.

Eta, bale, baietz. Igual oso kiskillosoa naizela eta, gehiegitan ohi dudan bezala, gauzak bere onetik ateratzen ari naizela. Baina, zer nahi duzue, nire alaba Orion algaraz arraun egiten irudikatzen dut, kolore horiz inguratua eta klub oriotarraren erreferentzia ugariren artean jo eta su dibertitzen, eta neure buruari galdetzen diot ea hain erraz eramango ote liratekeen neska-mutil sanjuandarrak eta hondarribiarrak nora eta Oriora arraun egitera (agian bai, eta hor ere hanka sartzen ariko naiz, auskalo). Nik, forofo txepel honek, badaezpada, Donostiarrako zapi bat sartu diot alabari motxilan, amuleto gisa edo...

Esan bezala, hau dena ez da inoren aurka idatzia. Ezta kritika bat ere. Gogoeta bat da; nire betiko ideia aspergarriei (“hiria ← → zalea ← → arraun-taldea” identifikazio-triangeluari) buruan emandako beste buelta bat. Besterik ez.

PD: gure traineruak baikor izateko zantzuak eskaintzen dizkigu pixkanaka. Animo, eta segi horrela!!