2013/06/12

Amaikak Bat

Blog honetako aspaldiko sarrera batean aipatua dut Donostiako elkarteek hiriko arraunean izan zuten pisua. Esan liteke nolabait haiek eman ziotela bultzada traineru donostiarren jardunari arrantza-kuadrilla tradizionalen eta kirol-elkarte modernoen arteko trantsizio-garaietan, eta gure arrauna bizirik mantendu zutela kirol honentzat hain zailak izan ziren hamarkada batzuetan. Elkarte haien arteko bat dugu Amaikak Bat.

Amaikak Bat Kirol Elkartea 1907an sortu zen (duela sei urte ospatu zuten mendeurrena, H eta guzti). Elkano kalean izan zuen lehen egoitza. Gaur egun jarduera garrantzitsuena gastronomikoa bada ere, sorreratik kirol-arlora bideratu zuen bere ekimen nagusia; izenak berak ere futbol-hamaikakoari egiten dio erreferentzia. Elkarte polideportiboa izan zen, kirol-modalitate ugari landu zituena: jatorrian futbol-taldea, gerora estatuan aitzindaria izan zen eskubaloian, eta era berean aritu zen pilotan, futbolean, mendi-irteeratan eta, noski, baita arraunean ere.

1932an arraunean hasi eta trainerua aurkeztu izana gauza berritzailea izan zen: kuadrilla bat besterik gabe bere izenean edo Donostiaren izenean aurkeztu ordez elkarte baten izenean aurkezten zen lehen aldia izan zen hura gure hirian. Eta bi elkarte donostiarrek egin zuten hori, ez baita ahaztu behar Empuje elkarteak ere beste traineru bat eraman zuela Kontxara urte hartan.

Amaikak Bat elkartearen egoitza.
(Ikus fatxadan hiriaren zigilu zaharraren erreplikak)
Beste kirol-atal bati ekin eta arraun-ibilbidea abiarazteko erabaki hartan, zerikusi handia izan omen zuen elkartearen egoitza aldatzeak: 1932an egoitza Parte Zaharrera eraman zen, eta hain justu urte horretan uretaratu zuen Amaikak Batek bere trainerua lehen aldiz. Egoitza lekuz aldatzean, Parte Zaharreko giroan inplikatu nahia erakutsi zuen elkarteak, eta bat egin zuen auzoan garai hartan bizi-bizi zegoen zaletasun harekin; arraunarekin, alegia. Arraunak eta Parte Zaharrak (bereziki kai inguruak) elkarrekin zuten harreman estua ulertzeko, sarrera honetan erakutsi nuen zerrenda ikusi besterik ez dago: arraunlari gehien-gehienak bertakoak ziren.(1) Beraz, traineru-egitasmoan buru-belarri sartuta, elkarteko bazkideek diru-bilketa jarri zuten martxan, traineruaren gastuei aurre egiteko, eta egoitzan otorduak eskaintzen zizkieten arraunlariei, entrenamenduetan behar bezalako kemenez aritu zitezen arraunari tiraka. 

Amaikak Bat taldeko Joxemaritarra trainerua (1932)
Lotura hark hamarkada bat iraun zuen, eta, bitarte horretan, zazpi aldiz parte hartu zuen Amaikak Batek Kontxako Banderan. Banderarik eskuratu ez zuen arren, bi aldiz lortu zuen bigarren postua (1932 eta 1940an), eta beste urte batean hirugarrena (1933). Joxemaritarra, Donostiarra II, Koruko Ama Birjiña eta Amaikak Bat izeneko traineruak erabili zituen Kontxan, eta popan Eustakio Iraola “Famao” famatua eta bakerizatarrak (Balentin eta Antton) aritu ziren patroi. Bitxikeria gisa esango dugu bigarren postua lortu zuen bi urte haietan garaile izan zela banderaren bigarren jardunaldian, eta 1940ko garaipen horren harira anekdota bitxi honen protagonista izan zela Koldo Mitxelena hizkuntzalari ezaguna (eta bertsolari afizionatua, antza).

Traineruez aparte, beste garaipen bat ere eskuratu zuen bere arraun-ibilbidean, 1953an Zarauzko trainerilla-estropada ospetsuak irabazi baitzituen.

Uste dut gauza hauen berri izatea eta bakoitzari zor zaiona aitortzea ez dela kalteko, arrauna atzo goizean telebistaren gerizpean jaio zela pentsatzen duten batzuentzat bereziki.

 (1) Zerrenda horretan, Parte Zaharreko hainbeste arraunlariren artean, baten ezohiko edo salbuespeneko jatorritzat aipatzen da Amara Zaharraren gainean dagoen Txanpuene baserria. Bada, gogoan hartzekoa da asteburu honetan bertan ospatzen duela baserri horrek (urtero egiten duen moduan) beste urtebete iraun duela zutik. Luzaro iraun dezala!

2013/06/02

Txapeldunak!!! Zorionak mutilak, zorionak!!!

Donostiarrako taldekideak txapelketako
lehen jardunaldian

Hau da marka!! Bost urte luze Donostiarraren garaipen baten zain, eta horra, Mediterraneoko ur urrunetara joan ez dira, bada, palmaresa betetzen hasteko.

Egia esan, gure inguruko taldeetako arraunlariek ez dute maiz parte hartzen modalitate horietan (lagun askori esplikatu behar izan diet zer den Mediterraneoko Llaüt izeneko hori, eta barre ere egin dit xelebreren batek), baina ze arraio, garaipen bat garaipen bat da, eta ez du meritu makala. Donostiarrako bitrinek badute lehen txapelketa apaingarri, Gipuzkoako Federazioak ligako gipuzkoar onena izateagatik emandako bi bandera haiei konpainia egiteko. Behean duzue finaleko bideoa.

Ilusio berezia egiten dit aurten ziklo berri batean hasi den talde honek zaleei horrelako poza eman izanak. Eta espero dut arraunlariei berei ere emango diela halako kemen bat, laster hasi behar duen denboraldi berriari hortzak estutuz ekiteko. Platanito edo ez platanito, horretxek emango baitio klubari garaipen gehiago lortzeko aukera.

Hala ere, zalantza bat dut: bi lagun txepelek behinola egindako apustu edo promesa moduko hau, bandera bat irabaziz gero egin beharrerko hau egiteko, Llauten txapelketa hau ere kontuan hartzekoa al da? Bi lagunek eztabaidatu egin beharko dute, eta dena dela, eguraldi hobeak datozenean izan beharko...