2013/04/25

Kirikoren ziaboga

Kirikoren ziaboga. Bilboko Abrako Bandera (1919).
Gora Arraunak dokumentaleko fotograma
Eskuinean duzuen irudia Gorka Reizabalen gidoiarekin egindako "Gora Arraunak" dokumentaleko fotograma bat da (oso dokumental interesgarria da, merezi du Youtuben dauden kapituluei begiratu bat ematea). Eta fotograma hori erabili dut, izan ere beste inon ez baitut topatu Interneten Kirikoren ziaboga famatuaren irudirik.

«Kiriko» patroi donostiar handiaren traineruak 1919ko Bilboko Abrako Bandera irabazi zuen egunean emandako ziaboga ezaguna da. Baina, egia esan, ez da aparteko ezer ikusten irudian: traineru normal bat ziaboga arrunt bat egiten... Oso ziaboga ona izan bazen ere, zer du ba berezitik, hain ospetsua izateko arraunaren historian? Geroago erantzungo diogu galdera horri.

Kiriko
Frantzisko Zubiaurre Cabañas, «Kiriko» (1867-1926), jaiotzez getariarra bazen ere, umetan Donostiara etorri zen bizitzera bere familiarekin. Eta esan liteke gure historiako patroirik ezagun eta ospetsuena dela, Luis Karrilekin batera.

Azpimarratu beharra dago bera dela Donostiako traineruekin Kontxako Bandera gehien irabazi dituen patroia: guztira bost bandera irabazi zituen Kontxan (1891, 1892, 1894, 1918 eta 1920). Donostia punta-puntakoa zen arraunean garai hartan, eta seguruenik,  bandera gehiago ere irabaziko zituen Kirikok, 1894 eta 1918 urte bitartean traineruaz arduratzeko lana baztertua izan ez balu. Hainbat zirkunstantzia berezi gertatu ziren urte horietan: 1895ean Donostiari ezarritako debekua; udalak eta Club Nautikoak XX mende hasieran urte batzuetan traineru estropadak gutxietsi eta are ez antolatu izana balandro eta yolak hobesteko; antolakuntza arazoak; Donostiako arraun munduan orduan ere gertatzen omen zen ezinikusi-saltsa, eta abar.

Esan bezala, arrazoia edozein izan zela ere, urte askotan ez zuen bere patroi lana egin traineru estropadetan. Hala ere, 1910ko hamarkada amaieran berriro ere Donostiako traineruaren lema hartu eta hiru urte bikain izan zituen: 1918 eta 1920ko Kontxak irabazi zituen, eta auskalo 1919koa ere ez ote zuen irabaziko, baldin eta lehen jardunaldian bere arraunlari batek arrauna hautsi izan ez balu. Gainera, 1919 urte horretan, lehen aipatutako Bilboko Abrako Bandera garrantzitsua irabazi zuen.

Eta berriro iritsi gara, beraz, 1919ko Abrako Banderara eta bertan Kirikoren traineruak egindako ziabogara. Jakina denez, Kirikok egindako ziabogarekin guztiz txundituta geratu ziren bandera hartan Bilboko itsasadarrean estropadari begira zeudenak. Maniobra bikaina izan omen zen, eta berari esker izan omen zuten donostiarrek aurkariei aurrea hartzeko aukera. Nolanahi ere, bazuen ziaboga hark beste berezitasun bat ikusleak txundituta uzteko. Zein baina?

1894ko Kontxako Banderan, Amigos traineru donostiarraren popan izan zen Kiriko, eta gure badian begira zeudenak zeharo harrituta utzi zituen berrikuntza batek. Kontuan izan behar da urte hartan (gerora ez bezala) traineruek badiaren barruan ibilbide zirkular bat egin zutela, eta horrela ikusleek ziabogak zuzenean ikusteko aukera izan zutela. Berrikuntza hark sortutako harridura honela azaltzen du garaiko kronista batek, Rafael Aguirrek Kontxako estropadei buruz idatzitako liburuan kontatzen duenez:

« Un cronista señalaba que "para dar más rápido el giro, el proel de Amigos utilizaba un remo-timón en proa, lo que conseguía de forma vertiginosa. Esta maniobra, que es lícita, causó asombro entre las gentes de mar". »  (1)

Ziaboga egiteko era klasikoan, izenak dioen bezala zia eta boga egiten zuten arraunlariek, besterik gabe: istriborrekoak boga egin bitartean, ababorrekoek ziatu egin behar zuten, edo gutxienez eutsi. Gaur ere hala egiten dute bi bandetako hamabi arraunlariek. Baina aurrekoak (brankariak) ez zuen antzina ezer desberdinik egiten. Dirudienez, Kiriko gure patroiaren berrikuntza izan zen aurrekoak arrauna branka aldean uretan sartu eta ziaboga ematen laguntzeko indarra egitea. Goiko aipuak adierazten du, behintzat, gauza ezezagun eta harrigarritzat hartu zutela garaiko itsasgizonek. Horra bada, donostiarrok teknikaren arloan ere ekarpen esanguratsua egin genion, antza, arraunketaren garapenari.

Kiriko klubeko batela.
Argazkia: Klausser

Amaitzeko, esan behar da Kirikoren izena Donostiako arraunaren imaginarioan geratu dela. Bada Kiriko izeneko arraun klub donostiar bat (eta, seguru ez badakit ere, pentsatzen dut patroiarengatik duela izen hori). Nolabait Fortunatik bereizita sortutako klub hau, bateletan eta trainerilletan aritu ohi da lehian, eta Donostiarra traineruan izaten dira bertako arraunlariak. Denboraldia amaitu berri du oraintxe bateletan, eta trainerilletan ari dira buru-belarri. Hortxe duzue batela eskuineko argazkian.

Eta, noski, gogoan izan Donostiarra klubak izan zuen lehen traineruak, 2008 denboraldikoak, Kiriko izena zuela, patroi handiaren omenez. Hala ere, gorabehera handiak izan ziren traineru harekin, eta urtebete eskas iraun zuen Donostiarrarekin uretan (dena dela arrazoia... nahiago dut hauts horiek ez harrotu... bakea, arren). Gerora Ur-Kirolakeko emakumeek erabili izan dute. Hemen duzue traineru horren irudi bat, Donostiarrarekin 2008ko Kontxako Banderan, eta hemen, berriz, Urkiko emakumeekin 2009koan.

Franzisko Zubiaurre «Kiriko», patroi donostiar handia, eta ziaboga modernoa, bere ekarpen teknikoa.

(1) AGUIRRE, Rafael (2002): Donostiako Estropadak (1879 - 2001) Regatas de la Concha. Donostia: Kutxa Fundazioa. 20 or.

2013/04/01

Txalo bero bat, kontxo !!!!

Zuen buruari galdetuko diozue igual: "zertara dator, orain, txalo eske txatxu hau... ez da estropadarik izan egunotan... txalo, zeri edo zeini ordea?". Bai ba, arrazoi duzue, ez da estropadarik izan, baina ARC Ligako arraunlari zerrendak sareratu dituzte, liga horretako webgunean, eta zer pentsatua ere eman dit horrek.

Zerrendari begira eta begira jarrita, azken urteotan izan diren arraunlarien joan-etorriak etorri zaizkit gogora. Horrela, ikusi dut bost arraunlari baino ez direla izan Donostiarra uretan izan den urte guztietako plantilletan: Aitor Aranegi, Ander Iriarte, Ekain Iriarte, Jon Sardon eta Telmo Yurramendi. Ez al dute txalorik merezi? Klub honek, traineru donostiar bateratuaren egitasmo honek izan duen ibilbidearen ardatz izan dira; ahaztu gabe noski, urte sabatikoren baten ostean itzuli ziren Iñigo Collazo edo Julen Yarza modukoak (Oier Iurramendi ere urte sabatikoan omen da orain) edo adinarengatik trainerura geroago batutako Elias Arruabarrena, Nikolas Yurramendi, Jon Enbil, Xabier Agirre, Xabier Goienetxea, edo Donostiako trainerura itzulitako Gari Azkue edo Unai Elizasu beteranoagoak. Edo, nola ez, B trainerua atera ez delako gure koloreak defendatu gabe geratuko diren Xabier De Diegoren moduko gaztetxoak. Gure tostetan izerdia botatzen ibili den edonork, ez al du txalorik merezi?

Aipatutako arraunlari horiek denak eta ahaztu zaizkidan beste horiek denak (aipatu ez ditudanek barkatuko ahal didate) askotan "arraunlari" izendapen orokorraren anonimatoan ezkutuan geratzen dira, eta uste dut batzuetan merezi duela izen-abizenez haiekin akordatzea... eta txalo bero bat eskatzea haientzat. Azken batean, traineruan ipurdi eta eskuak izorratzen dituztenak haiek dira, eta haien aldean, arraunzaleok petriletik txaloka besterik ezin ditugu berotu gure eskuak. Txalo bero bat bada, haientzat, kontxo!!

Eta txalotzen hasita, aurten traineruan sartu den Imanol Iradi gaztearen elkarrizketa bat etorri zait gogora. Elkarrizketa hartan esaten zituen hainbat gauzaren artean, Kontxa Donostiarrarekin (eta ez besterekin) irabazi nahi ote zuen galdetuta, honako hau bota zuen: -Bai, noski. Nik asko zor diot nire klubari eta ez naiz traidorea. Eta erabaki horretan gerora diruak izan dezakeen garrantzia aipatu ziotenean: -Ez dizut ezetz esango, baina ni diruari garrantziarik ez ematen saiatuko naiz. Den-dena zor diot nire klubari. Gazte batek ti-tau botatako erantzun beroak dirudite, eta batek baino gehiagok pentsatuko du: "aldatuko duk". Baliteke, baina niri, erantzunaren borobilak grazia egitearekin batera, ilusioa egin zidan horrelakoak irakurtzeak. Txalo bero bat horri ere, bada!!!

Amaitzeko, guztiz aipagarria da aurtengo lehen zerrenda horretan 3 arraunlari besterik ez daudela harrobikoak ez direnak. 21 arraunlaritik 3 besterik ez; eta hiru horietatik bi traineruan gurekin hasi diren Hernaniko gaztetxoak dira. Beste 18ak gure klubetan hasitako mutilak dira. Niri ilusio berezia egiten dit horrek, gure traineruak izan behar duenaren oinarria baita hori. Eta meritu handiagoa emango dio gure ontziak aurten lor dezakeenari. Niretzat bai, behintzat.