2013/01/27

Denboraldi berriaren atarian

Argazkia: kaiarriba.com
Hilabeteak aurrera doaz, eta, aurtengoan ere, traineru denboraldi berriaren atarian gaude dagoeneko. Hemendik gutxira jokatuko dira Bidasoako eta Oriako ohiko jaitsierak. Horiexek izango dira traineruen nondik norakoak zertan diren ikusteko lehen neurgailuak, garai hauetako estropaden balioa oso erlatiboa dela ondotxo dakigun arren.

Badirudi nolabaiteko trantsizio denboraldia izango duela aurten Donostiarrak, edo berritze-aldi baten hasiera bai behintzat. Baja dezente izan ditu iazko plantillatik (Osanbela, Tolosa, Durandegi, eta Etxabe modura etorritakoak, eta baita etxeko beste hainbat beterano ere bai), eta, kanpotik etor litekeena aparte utzia, B traineruko hainbat gaztetxo igoko dira traineru nagusira.

Hori, alde batetik, gauza positiboa da, gaztetxoen traineruak betetzen duen funtzioak fruituak ematen dituela ikus baitezakegu. Eta gazteek ere ikus dezakete beheko ontzian egiten duten lanak baduela merezi duen saria. Hala ere, ikusteko dago berrikuntza fase honetan nola orekatzen diren plantillaren balioa, indarra eta esperientzia. Eta ikusirik ARC ligak zer-nolako kalitatea izango duen aurten (Zierbena, Santurtzi, Getaria, Trintxerpe, Lekittarra, eta abar), ezin da ukatu erronka gogor baten aurrean ditugula gure mutilak.

B traineruan ere nabarituko dira ondorioak: gora igo direnez gainera, baten bat beste talde batera joan da, eta jende faltan ere izan daitezke. Jubenil adinekoak ere taldean ditugu entrenatzen. Espero liteke, dena dela, ez dela arazorik izango denboraldiari aurre egiteko, nahiz eta azken urteetako sendotasunez ez izan (hobe nahastuko banintz, jakina). Baina, lehen esan bezala, traineru honek bikain bete du lana azken urteotan.

Bestalde, ezin dugu ahaztu aulki mugikorreko ontziak bete-betean daudela beren prestakuntza garaian, eta horrek tirabira edo distortsio deportibo nabarmenak sortu izan dituela azken urteetako neguetan. Espero dezagun orain arte baino hobeto lortuko dutela proiektu desberdinak konplementatzea.

Hala bedi.

2013/01/04

No-Do albistegiko bideo interesgarriak

Jaizkibel, arraunak gora, garaile (1962).
Argazkia: RTVE - No-Do
RTVEren plataforma digitalaren bitartez, garai bateko No-Do albistegi frankistaren artxiboa jendearen esku jarri du Filmoteca Españolak. (Nik ozta-ozta ezagutu nuen No-Do hura, eta, tira, zorionekoak zuek, hori zer ote zen ere ez dakizuen gazteak).

Artxibo horretatik, arraunaren inguruko bideo batzuk jarri ditu Mugardos arraun talde galiziarrak bere webgunean. 1943 eta 1975 bitarteko estropadak biltzen dituzten bideoak dira, hain zuzen. Merezi du denbora pixka bat hartu, eta bideoetan "buzeatzen" ibiltzea. Zinez apreziatzeko modukoak baitira arrauna gustatzen zaigun guztiontzat.

Donostiari dagokionez, Jaizkibel traineru donostiarra ikus daiteke Generalisimoaren Kopan hainbat ediziotan parte hartzen, baita 1962koa irabazten ere (horri dagokio ondoan daukazuen argazkia). Kontxako Banderaren edizio zahar batzuen irudiak ere agertzen dira, baita 1953an jokatutako batel-txapelketa bat ere.

Arraunaz aparte, oso irudi bitxiak eta interegarriak topa daitezke (1953ko batel txapelketaren orrian, Donostiako beste hainbat gairi buruzko bideoak daude), eta betiere dibertigarriak gertatzen dira esatariaren modulazio inpostatua eta Francoren itxura xelebrea.

Eskerrik asko, bada, Mugardos taldeari. Eta zuek, gozatu irudiekin.