2012/11/08

Mila esker eta gero arte Mendi, ongi etorri Bixkar

"Mendi"
(Argazkia: Irutxuloko Hitza-Mikel Goñi)
Donostiako arraunari egiten dion jarraipen ezin hobean beste pauso bat emanez, Irutxuloko HITZAk eman zuen primizia: J.R. Mendizabal “Mendi” handiak utzi egingo du Donostiarra traineruko entrenatzaile kargua.

Dirudienez, lau urte hauetako lanarekin nolabait kemenez agortua geratu da, eta pentsatu du arnas hartzeko tartetxo bat ere behar duela. Klubean beste zeregin batzuetan parte hartzen jarraituko du, baina egunez eguneko zama gainetik kentzeko garaia iritsi zaiola uste du. Espero bezain kirol emaitza onak lortu ez izanak ere (azken urte honetan bereziki) izan omen du bere eragina erabaki horretan. Eta zergatiak bilatzen hasita, Donostiako arraun egitura berezia aipatu du, beste hainbat gauzaren artean. Baina ez dut gai hori berriro jorratuko, gehiegi errepikatzen naizen irudipena baitut aspaldian.

Donostiarraren proiektuan zutarri nagusi izan da Mendi, eta badiogu zer eskertua arraunzale donostiarrok. Mila esker eta… agur ez, gero arte, bada, Mendi. Hutsune galanta utziko digu, baina, klubean beste zeregin batzuetara lotuta jarraitzen badu, gaitz erdi, horrelako giza kapitala ezin baitu alferrik galtzen utzi arraunketa donostiarrak. Maiz gertatzen da zerbaiten benetako balioa ez dela behar bezala estimatzen zerbait hori falta zaigun arte. Hala ere, sinetsita nago ez dela horrelakorik gertatuko gurean eta Mendiren hutsunea beteko duenak neurri egokia emango duela.

Xabier Zabala "Bixkar" 
(Argazkia: Irutxuloko Hitza-Mikel Goñi)
Izan ere, Mendiren ordezkoa izateko Xabier Zabala “Bixkar” hautatu du Donostiarrako zuzendaritzak. Arraunlari eta entrenatzaile ezaguna da Xabier Zabala loiolatarra, esperientzia eta ibilbide luzekoa (arraunlari ibili da Ur-Kirolak, Zumaia, Trintxerpe eta Pasai Donibanen, eta azken bi urteotan Donostiarran bertan; eta lehenago ere izana da entrenatzaile Ur-Kirolaken eta Hernaniko gaztetxoekin).

Dudarik ez dago guztiz prestatua dagoela ardura hori behar bezala aurrera eramateko. Alderdi deportibotik, beraz, inolako aitzakiarik ez hautuari. Gainera, etxekoa izateak ematen dio bestelako garantia bat, klubaren egitura eta funtzionamendua, arraunlariak berak, eta Donostiako arraunaren gorabehera bereziak ondo ezagutzen dituenez.

Datorren astean dira hastekoak entrenamenduak. Hortxe ikusiko dugu plantilla nola geratu den azkenean, zein diren joandakoak eta zein etorritakoak. Ea lanean behar bezala aritu eta denboraldi-aurrea tajuz prestatzeko modua duten, neguko lan gogorraren ondorioz uda ahalik eta onena izan dadin.

2012-11-14an EDITATUA: Irutxuloko HITZAn elkarrizketa egin diote entrenatzaile berriari: plantillaren gorabeherak, denboraldi-aurrerako asmoak eta denboraldirako esperantzak ditu mintzagai.

Zorterik onena arraunlari denei! Eta animo!
Zorte on Xabier Zabala! Aupa Donostiarra!

2012/11/05

Ohiko Batzar Nagusia azaroaren 16an

Donostiarra klubak bazkideen Ohiko Batzar Nagusia egingo du azaroaren 16an, 20:00etan. Hona hemen webgunean argitaratu duten deialdia.

Garrantzizkoa da herritarrak, bazkideak, klubaren nondik norakoetara hurbiltzea. Klubaren sozializazioa ez da besterik gabe jendeak estropadetan animatzea eta klubaren garaipenak (edo porrotak) norberarenak balira bezala bizitzea. Hori ez litzateke gutxi, ez horixe, orain baino donostiar gehiagok egingo balute. Baina, hortik harago, bazkideek inplikatu egin behar dute, klubaren gestio arazoak ere bizi egin behar dituzte, klubak oinarri sendoak izango baditu.

Horregatik, ez da gauza hutsala batzarrean datuak eta bestelako kontuak bazkideei plazaratzea, horrela hobeto ulertuko eta neurtuko baititu jendeak klubaren zailtasunak eta ezintasunak, edo aukerak eta anbizioak. Ezin baita ezagutzen eta ulertzen ez den zerbaitekin inplikazioa eratu. Eta, hartara, balizko garaipenak ospatzeaz harago, bazkideak klubaren partaide direla sentituko dira.

Ni behintzat hantxe izango naiz, ea zertan den gure Donostiarra.

PD: nire lagun batek dio ez dela oso Ohikoa izango azken hiru urteetan egin ez den zerbait, baina ez kasurik egin, nire lagunak oso mihi gaiztoa du.