2012/08/27

2012 Liga amaitu da

Tira, amaitu zaigula 2012 KAE Liga ere. Azkenean, 5. postuan amaitu du Donostiarrak, iazko emaitzak nolabait errepikatuz.

Esan beharra dago, hala ere, goranzko joera bat nabaritu dela azken jardunaldietan, nahiz eta irregulartasuna ere erakutsi den emaitzetan. Baina esanguratsua ere bada denbora eta postu onenak azken estropadetan lortu izana.

Ez gara berriro ere denboraldi hau izan den dezepzioa jorratzen hasiko. Espektatibak ez dira bete, beste maila bat emateko plantilla zegoen. Dagokionak egin beharko luke gertatu denaren arrazoien analisia, hurrengo urteetan errepikatu ez dadin. Eta dudarik ez dut egingo dela analisi hori. Ez dut, beraz, hor sakonduko, inor mindu ez dadin.

Orain, azken egunetako gorakada horri Kontxan errematea ematea litzateke onena. Bada garaia etxean neurria ematekoa, eta badu traineru horrek nahikoa ezpala horretarako.

Azpimarratzekoa da B traineruaren errendimendu bikaina. Arraunlari talde gazteak aurrerapauso nabarmena egin dute aurten, 4. postuan amaitu dute (hirugarren izanik denboraldi ia osoan), eta ezin uka daiteke klubarentzat sekulako garrantzia duela horrelako oinarri sendoa izatea. Talde horri ibilbidea erraztea izango da klubaren egitekoa.

Goian duzue bi traineruetan arraunlari bakoitzak jokatutako estropada kopurua.

Beno bada, datorren urteko liga hobea izango delakoan, eutsi gogor Donostiarrako arraunlariak, eta eman egurra Kontxan. Zuei laguntza emanez oihuka izango gaituzue petriletik!

2012/08/23

Orfeoiaren kontzertuko agur hitzak

Nire eskura iritsi da Donostiako Orfeoiak, Donostiarraren eskutik, abuztuaren 10ean Trinitate Plazan eman zuen kontzertuko sarreraren idazkia.

Kontzertuaren hasieran, Unai Elizasuk agur hitz batzuk eskaini zizkien kontzertua entzutera bertaratu zirenei. Elizasu, bertso munduan ezaguna izateaz gainera, Donostiarra traineruko arraunlari ere bada, eta bere agur horretan nolabait uztartu egin zituen orfeoi baten eta traineru baten jarduerak, eta aipatu zuen Donostiako orfeoia donostiarrontzat den ikonoaren parekoa nahi dugula gure trainerua ere.

Ba horixe, idazkia nire eskura iritsi dela, eta zuekin konpartitzeko modukoa iruditu zaidala. Hortxe doa:

"Gabon eta ongi etorri, Donostiarrako traineruaren alde antolatu dugun Donostiako Orfeoiaren kontzertu honetara.

Emanaldiari hasiera eman aurretik, eskerrak eman nahi dizkiegu, Donostiarra traineruaren proiektuan babesle eta laguntzaile, edo hobe esanda, tostakide zaituztegun guztioi. Eskerrak eman, Donostiako udalari ere. Euren babesa, olatuak baitira guretzat. Olatu hauen gainean, gure lana, azkar eta ondo egin ahal dugulako.

Eta gaurko honetan, modu berezian eskertu nahi dugu, Donostiako orfeoia. Azken batean, arraunlariok  oso identifikatuak sentitzen garelako zuekin.
Arraunlariok, akordean arraun egitea dugulako helburu. Itsasoaren pentagraman, notak marrazten ditugu paladaro. Haizearen melodian, gure arraunkaden erritmoa harmonikoa izaten ahalegintzen garelako.
Zuek, ahotsa tonuan jartzeko whiskia hartzen duzuen bezala, hartzen dugu guk ere... bueno, alegia.. oso identifikatuak sentitzen garela zuekin.

Egunen batean, donostiar zalegoak, halako orfeoia izatearen harrotasun bera, traineruarekin izan dezan, lanean dihardugu. Traineruaren babesean sorturiko kamiseta bana utzi dizuegu aulkietan, Donostiako estropadatan jantzi dezazuen. Orfeoiak ahots kolore asko dituen bezala, Kontxako estropadan, kolore guztien artean, kamiseta zuriak ikusi nahiko genituzke uretatik, eta kamiseta zuri horien babesean irten, eta sartu nahiko genuke portuan.

Aurkezpenari bukaera emateko, hona hemen gaurko tripulazioa, ababorreko kontraalto eta istriborreko sopranoak, popako bajo eta brankako tenoreak. Euren formarik gorenean datoz, Trinitate itsaso eder honetara.... Sainz Alfaro patroi dutela, gure estropada batean, minutuak beste, kantu eskainiko dizkigute. Ziurrenik, kantu gehiago entzungo zenituzkete pozik... guk ere, minutu gutxiagoan egin nahiko genituzke estropadak, baina.

Besterik gabe, goza ezazue gaurko Donostiako orfeoiaren emanaldiarekin... goza ezazue, bihar bertan hasiko den Donostiako Aste nagusiarekin... eta goza ezazue... bueno ez, Donostiako arraunlariok, zuek gozarazten ahaleginduko gara datozen estropada, eta batipat, Iraileko lehen bi igandeetan, Kontxako badian."

Hala bedi, Unai, azken esaldikoa batez ere.

2012/08/15

Tostako arrauna: donostiarren garaipenak

Jende askorentzat, gehiegirentzat, arrauna ACT ligarekin eta telebistaren arreta mediatikoarekin sortu zen. Hori baino lehenagokoa ez da existitzen haientzat, edo topiko huts batzuk besterik ez dituzte ezagutzen. Baina ez, arraunak badu bere historia luzea, belaunaldi ugariren jarduna hartzen duena.

Hala, behin, Donostia arraunean hutsaren pareko (izan) dela esaten zidaten batzuekin hitz egiten jardun nintzen, eta konturatu nintzen horretaz guztiz sinetsita zeudela eta inguruko gehienak uste berekoak zirela. Ni datu batzuk ematen saiatu nintzen (haien iritzia aldatzeko arrakasta handirik gabe), eta gero, etxera bueltan, gogoeta egin nuen neronek ere ez nekiela Donostiako ontziek lortutako garaipen askoren berri. Eta pentsatu nuen ea egongo ote zen nonbait informazio hori dena bildua. (Tostako arraunaz ari naiz hemen, nahiz eta jakina den arraunketa mugikorrean ere Donostia aitzindari izan dela eta garaipen asko lortua dela historian zehar).

Horrek akuilatuta, han eta hemen datuak jasotzen aritu izan naiz (oso modu arin eta alferrean egia esan), eta biltzen nituen datuak Wikipedian jartzen aritu naiz, nonbait jasoa gera zedin, ni baino lan handiagoa egin duen eta informazio hobea duen lankideren baten laguntzarekin. Hortxe duzue eskura informazio hori dena, sarrera honetan: Donostiako traineruak: Donostiako ontzien palmaresa. Datu horiek zenbaki eta taula modura bilduta ikus ditzakezue irudi hauetan, hainbat modutara sailkatuta. (Bide batez, esan behar dut Wikipediaren euskarazko bertsioa askoz osatuagoa dagoela erdarazkoa baino, arraun estropada eta kluben informazioari dagokionean. Jo ezazue euskarara beraz... hor ere).

Informazio interesgarria irudituko zaizuela espero dut. Eta, noski, ez dut dudarik datu hauetan hutsuneak izango direla. Guztiz eskertuko nuke lan hau osatuko eta hobetuko duen edozein informazio.

Donostiarra ETBko programan

ETB-K kateak astelehen gauetan ARC ligari eskaintzen dion programan Donostiarrari buruzko erreportajetxoa eman zuten joan den astean. Behean duzuen bideoko 1:15 minutuan hasten da.

Unai Elizasu eta Xabier Zabala ("Bixkar") arraunlariak agertzen dira, baita Mendi entrenatzailea ere, Donostiarrak denboraldi honetan izan duen ibilbideari buruz hitz egiten: denboraldi-aurreko planifikazioa, liga hasierako zailtasunak eta etorkizunerako asmoak. Gainera, Elizasuk irrati-programarako egindako testu batek markatzen du erreportajearen sarrera eta amaiera. Hortxe duzue bada:

2012/08/06

Portaletas - Trophée Teink 2012

Iaz ere eman nizuen Teink zeharkaldiaren berri. Arraun estropada interesgarri honetan, Donostiako talde bat dugu, Portaletas izenekoa.

Bada, aurten ere abian jarri da Teink 2012 zeharkaldia. Facebookeko helbide honetan aurkituko duzue arraunlari donostiar horien partaidetzari buruzko informazioa: Portaletas - Trophée Teink 2012. Bertan azaltzen dira estropadaren ibilbidea, egutegia, eta argazkiak.

Merezi duen ekimen bat dela uste dut, eta arreta pixka bat eskaintzea ere ez legoke gaizki. Zorte on Portaletasentzat.

2012/08/05

Suspertzen ari da Donostiarra

Ligaren erdia joana den honetan, badirudi bere neurri onenaren bidean jarri dela Donostiarra. Denboraldi hasiera ez zen batere ona izan, espero baino askoz postu eta denbora eskasagoak lortu zituen gure traineruak. Emaitzak pentsatu bezain onak ez zirela onartuta ere, klub barrutik konfiantza transmititzen zen, egiten ari zen lanak bere fruituak emango zituelakoan.

Eta, hala, azken hiru estropadetan koska bat gora egin dela ikus daiteke. Uztailaren 28ko Getariako estropadan, 3. postua lortu zuen Donostiarrak,  bere txanda aise irabazita eta ohorezko txandako Santurtzi eta Elantxobe gaindituta. Hurrengo eguneko Lekeitioko banderan, segundo eskasera egon zen txanda irabaztea eta ohorezko txandako Lekittarra gainditzea. Eta atzo, Orioko banderan, berriro ere 3. postua lortu zuten, bere txandan nagusi, eta goiko txandako Lekittarra eta Elantxoberi irabazita. Oriori ez beste denei irabazi die estropadaren batean. Badirudi, gainera, postuetan ez ezik, denboretan ere aurrera doazela gure mutilak, azken hiru estropadetan 30 segundo baino gutxiago kendu baitizkie Oriok, eta atzokoan 18 segundo eskas besterik ez. Eta, lehen aldiz, iazko puntu kopurua gainditu du Donostiarrak (53 zeramatzan iaz zazpigarren estropadan, eta 55 aurten).

Espero dezagun hobekuntza horrek gora egingo duela, taldea batzen eta puntuan jartzen doan heinean. Kontxara unerik egokienean iristea litzateke onena. Ez dakit ezustekoren bat emateko, baina bai, gutxienez, etxeko zaleak gustora eta pozik uzteko. Hala izan bedi.

Ezin ahaztu, era berean, B traineruaren lan paregabea. Trintxerpe eta Orio indartsuen ondoren, sailkapen orokorreko 3. postua sendotu besterik ez dute egiten astez aste. Atzo ere oso emaitza ona lortu zuten Plentzian. Etorkizuna zuena da mutilak.

Argazkia: Klausser.

2012/08/04

Orfeoi Donostiarraren kontzertua abuztuaren 10ean

Donostiarrak kontzertua antolatu du aurten ere: Donostiako Orfeoia, abuztuaren 10ean, 22:30ean Trinitate Plazan.
Sarreren prezioa 18 eurokoa izango da, baina Donostiarrako bazkideek 15 euroan lortzeko aukera izango dute abuztuaren 8a baino lehen hartzen badituzte. Horretarako, bazkideek (bazkide txartelarekin) klubak Salamanka Pasealekuan duen lokaletik pasa beharko dute, 17:30etik 19:30era abuztuaren 1, 2, 3, 6, 7 eta 8an. Bakoitzak bi sarrera hartu ahal izango ditu.