2012/07/26

Emakumeak Kontxan duela 115 urte: Pasaiako batelerak.

Emakumeek 2008an hartu zuten parte lehen aldiz Kontxako Banderan. Aurrerapauso nabarmena izan zen hura emakumeen arraunarentzat, pixkanaka egituratzen eta garatzen zihoan modalitate horri aurrenekoz eskaini baitzitzaion tostako arraunketan den proba garrantzitsuenean lehiatzeko bidea.

Alabaina, ez zen hura izan emakumeak Kontxan arraunean aritu ziren lehen aldia. Urte dezente atzera egin beharko dugu, 110 urte baino gehiago egin ere, eta hara: 1897an Pasaiako batelera ospetsuak estropadan lehiatu ziren Donostiako badiako uretan.

Ezaguna da Pasaiako batelerek izan zuten sona, eta ez dugu blog honetan haien berri xeherik emango (interesa duen irakurleak, hemen topatuko du informazio gehiago), baina aitortu behar da arrasto sakona utzi zutela arraunaren historian Victor Hugo idazlea eta Felipe IV.a erregea bezalako pertsonaiak liluratu zituzten emakume haiek.

Bada, esan bezala, Laura Hermo eta bere neskek emakumezkoen I. Kontxako Bandera Galizia aldera eraman baino 111 urte lehenago, batelera pasaitar haiek arraunean aritu ziren Donostiako uretan, 1897an. Gizonezkoen estropadak puri-purian ziren garai hartan Kontxan, eta pentsa liteke arrakasta-olatu horri jarraituz antolatu zela Donostian estropada hura.

Launa arraunlariko hiru ontzik hartu zuten parte, milia bateko ibilbidean, eta, arraunlari edo ontzi irabazleen izenik gorde ez bada ere, badakigu 9 minutu eta 25 segundoko denbora behar izan zutela milia hori egiteko. Ez dakit, ordea, horrelako beste estropadarik egin zen ala gauza guztiz bakana izan zen.

Uste dut gustura ikusiko lituzketela batelera haiek gaur egun emakumeek egunez egun eskaintzen dizkiguten arraun-ikuskizun paregabeak.

2012/07/15

1890eko kartel kuriosoa


Traineruen historiako pasarterik ezagunenetako bat da 1890ean Donostiak eta Ondarroak jokatutako desafio-estropada hura, donostiarrek Luis Karrilen gidaritzapean irabazitakoa. Blog honetan eman nuen desafio horren berri sarrera honetan.

Interneten beste gauza batzuen bila nenbilela goiko irudi hori aurkitu dut, eta hona ekartzea pentsatu dut, kuriosoa edo, gutxienez, ikusgarria delakoan. Garai bateko estetikaren erakusgarria bai behintzat. Irudian agertzen den argazki hori nonbait ikusia nuela iruditzen zitzaidan, eta bai, oker ez banago, Ollagorra soziedadeko beheko solairuko paretan zintzilik dago.

PD: Facebooken ohar bat egin dit Orioko arraunzale batek. Horri esker jakin dut hemen informazio gehiago eskaintzen dela irudi horri buruz. Mila esker arraunzale horri.

2012/07/10

Donostiarra ez da batere fin hasi


ARC Ligaren lehen bi jardunaldiak pasatu dira, eta, tamalez, Donostiarra ez dabil aurtengo plantilla hobekuntzari begiratuta espero genuen bezain ondo.

Denboraldia hasi baino lehen, Mendik berak esana zuen iaz baino azkarrago zihoala ontzia, helburua zela ohorezko txandan egotea —baina betiere bigarren postuari begira (play-offa gogoan), eta ez litzatekeela seinale ona izango laugarren postutik beherakoei begira egotea. Bada, lehen bi estropadetan zazpigarren eta seigarren iritsi dira donostiarrak (agur play-offa, ala?), ohorezko txandan lehiakide izan beharko lituzkeen Santurtzi eta Lekittarratik urrutiago geratuta beste helburu batzuekin abiatu den Getaria batetik baino. Ligaren maila urtez urte gorantz doan arren, aurtengo plantilla ez dago egina iazko emaitzak errepikatzeko, eta are gutxiago postu okerragoak lortzeko. Badago hor, beraz, zer hausnartua, zer hausnartua badagoenez.

Zerk egin ote du huts, bada? Aurten ere badirudi ezin izan dela behar bezala prestatu trainerua udazken-negu-udaberri garaietan.
Jakina da Donostiako arraunaren egitura oso berezia dela —beste herrietan ez bezalakoa—, klub eta interes asko uztartzen asmatu behar dela, zaila dela antolaketa eta erabaki-esparruak eragozpenik gabe kudeatzea… baina, kontxo, ezinezkoa da urtero berdin ibiltzea. Traineru bateratua bosgarren urtean da jadanik, eta arazo horiek aienatuta beharko lukete honezkero. Beste hainbat klubek aparteko arazorik gabe uztartzen dituzte arraun mugikorra eta trainerua, eta gainera, hemen ez bezala, trainerilla eta batela ere lantzen dituzte.

Gogoeta lasaia egin beharko dute hala egin behar dutenek, zer ari den pasatzen urtez urte traineruarekin, gure arraunaren estamentuen arteko harremanarekin eta, ondorioz, zer oinarri ari garen ezartzen Donostiako arraunaren etorkizunerako. Egungo egitura oso ona izan daiteke geroari begira: klub bakoitzaren idiosinkrasia historikoa mantentzeko aukera ematen du, eta Donostiako masa sozialaren katalizatzaile gisa funtzionatzen duen trainerua jartzen du uretan. Beste ezein egiturak ezin du hori eskaini. Egitura hori hobetzeko egin beharko litzateke lan. Zinez uste dut arraunaren historian lehen mailako erreferente izan den gure hiriari zor zaiola horrenbeste.

Zeozer positiboa esateko, esango dut benetan pozgarria dela B trainerua eskaintzen ari zaiguna. Azken urteetako lana biribiltzen duen talde bat osatu da, talde gaztea eta etxekoa, eta arraunean txukun ari direla ikus daiteke astez aste. Hori ere bada beste arrazoi bat A trainerua ahal den bezain ondo “zukutzeko”… gazte hauei Donostian bertan erreferente erakargarri bat eskaintzea.

Beste gauza positibo bat esateagatik, ba Kontxa aipatuko dut. Optimista zoro bat naizela? Seguruena. Konfiantza itsua dut nik, ordea, Mendiren lanean, eta, ekipo hau zertxobait eskas hasi bada ere, ezin da ukatu bertan badagoela segundo dezente azkarrago ibiltzeko lehengaia. Nire esperantza da astetik astera barruan duena ateratzen hasiko dela Torrekua eta bere maila onena emateko moduan iritsiko dela irailera. Ligan ematen den neurria edozein dela ere, arantza sakon bat dugu sartuta donostiarrok: azken 10-15 urteetan Kontxan, gure estropadan, hobeto aritu ezin izana. Nik behintzat badut arantza hori. Eta arantza hori pixka bat kentzeko lehen aukera aurtengoa izango zela uste nuen duela gutxi arte.
Aurten ez bada, ea datorren urtean bihurtzen den esperantza egia.

2012/07/01

Donostiako traineruen izenak Kontxako historian.

Behean jarri dudan zerrenda horrek ez du aparteko pretentsiorik. Besterik gabe, kuriosidade gisa jarritakoa da. Kontxako Banderan 130 traineru donostiar baino gehiago lehiatu dira historian zehar, eta traineru horien izenak zein izango ziren ikustea okurritu zitzaidan behin, horri buruzko konbertsazio baten harira. Rafael Aguirrek argitaratutako liburuan (*) aurkitu nituen datuak.

Zerrendan sartzen diren izenak Donostiako taldeek estropadara eramandako traineruenak dira. Garai batean traineruak trukatu egiten ziren bigarren jardunaldian, eta horregatik Donostia adibidez oriotarren edo getariarren traineruekin aritzen zen bigarren igande horretan. Bigarren iganeetako traineru horiek, beraz, ez ditut zerrendatu; donostiarren ontziak besterik ez dira ageri (nahiz eta Donostian eginak ez izan edo beste herri edo klub batek utziak izan).

1879 Lequeitiarra (Kontxako Bandera bat irabazi zuen lehen trainerua)
1887 Guipuzcoana
1890 Invencible, Cariño
1891 Illar Azala, Julio, Maria Cristina
1892 Golondrina, Amigos, Nª Sra. de Lourdes
1894 Donostiarra, Amigos, Lezo, Nª Sra. de la Paz
1895 Traineru donostiarrei ez zieten parte hartzen utzi, beste herrietakoek izen emateari uko egin ez ziezaioten. Erreibindikazio modura estropada bat egin zuten donostiarrek, traineru hauekin: Donostiarra, Santa Ana, Josefita.
1896 Moñoño, Aerolito, Santa Ana, Josefita, Santiago
1897 Moñoño, Ramon y Saturnina, Agustina, Santa Ana, Nª Sra. del Pilar
1898 Esperanza, Santa Ana, Agueda, Nª Sra. de la Paz
1899 Donostiarra, Aerolito,San Francisco de Asis, Santa Ana
1900 Joshepa Antoni, Virgen del Mar, A la aventura
1901 San Jose, Corazon de Jesus,  A la aventura
1903 San Juan
1906 Santa Maria, Patriarca San Jose, Glorioso San Pedro, San Juan
1909 Guipuzcoa
1915 Luis Esperanza
1918 Koruko Amabirjina
1919, 1920, 1921 Nª Sra. del Carmen
1916, 1917, 1922 Club Maritimo Donostiarra
1923, 1924, 1925, 1926 Donostiarra
1927 La moderna Orio
1928 Virgen del Mar
1929, 1930 Joshe Antoniyo
1931 Koshkero
1932 Koshkero, Joxemaitarra
1933 El empuje donostiarra,  Amaikak Bat
1935, 1934 Donostiarra II
1940 Koruko Ama, Loyolatarra
1941 Amaikak Bat
1942 Loyolatarra
1946 Donostiarra,  Teresita
1947 Virgen del Coro, Loyolatarra
1949, 1950 San Vicente (Kontxan irabazi duen azken traineru donostiarra, Esperanza klubekoa)
1951-1975 (Urte hauetan, antolatzaileek ad hoc egindako traineruak erabiltzen ziren Kontxan).
1976 Itxaropena
1980 Donostia
Eta, garai berriagoetan, ezagunak ditugun traineru-izenak (erabilitako lehen urtea bakarrik jarri dut):
1981 Luis Carril
1982 Koruko Ama
1988 Lugañene
1993 Mari Galant
2008 Kiriko
2009 Torrekua (nahiz eta urte horretan Donostiarra izena eraman zuen).
Argazkia: 1920 urteko Nª Sra. del Carmen, Kiriko patroi.
(*) AGUIRRE, Rafael: Donostiako estropadak (1879-2001) Regatas de la Concha. Kutxa, Donostia, 2001