2012/04/25

Donostiarrako lehen arraunlari-zerrendak. Balorazio txiki bat.

ARC ligako webgunean argitaratu dituzte klubetako plantillen behin-behineko lehen zerrendak. Horien artean daude Donostiarrako A traineruaren eta B traineruaren arraunlari-zerrendak.

Jakina denez, zerrenda horiek aldaketak izan ditzakete ekainean, behin betiko zerrendak aurkezten direnean, baina lehen balorazio bat egiteko bidea erakusten digute behintzat.

Esan daitekeen lehen gauza da etxekoek osatzen dutela, aurten ere, plantillaren zatirik handiena. Azken denboraldietan, etxeko arraunlariek erakutsia digute ARC ligan maila oso duina mantentzeko oinarria eratzen dutela, eta hori ez da oinarri makala, hortik gora hobetzeko elementuak elkartzeko aukerarik izanez gero panorama polita zabaltzen baita. Lehen zerrenda hauetan Donostiarrak 45 arraunlari ditu guztira, eta horietatik 36 dira propioak, 35 harrobikoak.

Harrobiko horien artean, azpimarratzekoa da arraunlari batzuk itzuli egin direla Donostiako traineruen tostetara: Loren Jauregi (azken urteotan San Pedron ibilia) eta Gari Azkue (40 urte ditu, fitxak 27 dioen arren, Bartzelonako Joko Olinpikoetan aritua eta junior mailako Munduko Txapelketan dominak irabazia) beteranoak, euskararen munduan ezaguna den Unai Elizasu, eta lehenago Donostiarran aritutako Iñigo Collazo. Urrian jakinarazi zen Aritz Jauregi ere Donostiara itzuliko zela, baina ez da azkenean zerrendan, arrazoiak edozein direla ere.
Itzulera horiek erakusten dute klubaren sinesgarritasuna handituz doala, eta sendotu egiten dela Donostiako traineruan donostiar onenak biltzeko asmoa. 

Horiekin batera, trainerura batu dira harrobikoak ez diren Julen Durandegi (iaz Ur-Kirolakeko zortzikoan ibilia), Alain Osanbela, Gari Tolosa eta Joseba Etxabe.

Arraunlari horien denen beso-gerrietan egongo da Donostiak historiaz merezi duen lekura itzultzeko aukera eta erantzukizuna. Edo saiatzekoa behintzat. Noski, Txindokira igotzeko irrikitan gaude zale batzuk... ea aurtengoan (zaila izango den arren, Orio parean egokitu zaigunez).

Bestalde, guztiz aipagarria da B traineruan sendotu egin dela harrobia lantzeko zeregina. Harrobikoen kopurua handitu egin da iaztik (zerrendako 21etik 19 harrobikoak dira), jende oso gaztea arituko da tostetan, eta etorkizuna lantzeko eta bermatzeko aukera paregabea eskainiko du horrek.

2012/04/18

S. D. Txapel Aundi

Duela egun batzuetako ale batean, Noticias de Gipuzkoa egunkariak S.D. Txapel Aundi elkartea izan zuen hizpide.

1956an sortutako Martuteneko elkarte hau oso errotua dago auzoan, eta hainbat ekimen eta arlo landu izan ditu bere historian zehar: festak, txirrindularitza (criteriuma antolatzen dute udazkenean), herri-kirolak, eta, nola ez... arrauna.

Ez dut Noticias de Gipuzkoako testu hori sarean, euskarri digitalean, aurkitzerik izan, baina elkarteak bereziki 1960ko hamarkadan arraunketan egindakoaz ere mintzatzen ziren elkarteko bazkideak. Arraunarekin izan zuen harreman horrengatik, aipatua dugu Txapel Aundi lehenago blog honetako sarrera honetan.

Txapel Aundi Martutenen dago, Urumearen ertzean, eta arraunean aritzeko baliabideak eta aukera zituztela ikusi zuten; hala, 1960ko hamarkadan batel eta trainerillak uretaratu zituzten. 1962an Espainiako txapeldunak izan ziren trainerilletan, eta elkarteko kide Rafael Almandoz zegoen txapela lortu zuten arraunlarien artean.

Juanito Irizar bazkideak anekdota gisa kontatzen duenez, bera zen trainerillak eta batelak bere kamioiean alde batetik betera eramateko ardura zuena. Taldea garraiatzeko autobusa ordaintzeko diru handirik ez, eta Jaizkibel konpainia militarraren autobusa erabiltzen omen zuten batzuetan. Jakina da konpainia militar horretako buruzagietako bat, Aizpurua kapitaina, oso arraunzalea zela (Kontxan aritutako traineru sendoa ere osatu zuten), eta horri esker erabili ahal izan zuten beren autobusa.

Goiko argazkian duzue Txapel Aundiko trainerillaren tripulazioa. Hona hemen arraunlariak: Rafael Almandoz, Tiburcio Etxeberria, "Bixentiko" Elizondo, J.M. Lizeaga "Ubillos", Antonio Oliden, Victor Sarasola eta Klaudio Etxeberria "Gorria".

Arrauna sustraitua egon izan da betidanik Donostian, modalitate guztietan, eta komeni da horrelako elkarte eta ekimenen berri izatea. Txapel Aundiko trainerillaren argazki gehiago ikusteko, horra Kutxatekako argazki-galeria. (CC BY-NC-ND-3.0-ES / KUTXATEKA / Paco Marín)