2011/09/12

Igande gozoa. Arra, arra, arra !!!!

Igande gozoa atzokoa. Inoiz baino argiago nabarmendu zen Donostiarrak bat egiten duela donostiar zaletuekin. Inoiz baino bandera gehiago, inoiz baino kamiseta gehiago, inoiz baino pankarta gehiago. Nahiz eta zaletu horietatik espero baino gutxiago animatu ziren 'marea zurira' batzen.

Arra, arra, arra!!! Donostiarra!!!

Pankartetan eta donostiar arraunzaleen ezpainetan atzo nabarmendutako esaldia. Kemena eta gogoa bazuten behintzat gure arraunlariei arnas ematen ibili ziren gazteek. Niretzat hori izan zen atzoko igande gozo horretako albisterik onena: jendeak taldearekiko erakutsitakoa. Pentsatu nahi dut Mendik aipatzen zuen erraldoi hori, azken urteetan lo geratu den erraldoi hori, nolabait esnatzen hasia dela, edo gutxienez begitxo bat irekitzen hastekotan dela.

Kirol arloan, traineruak bere neurria eman duela esango nuke. Urdaibai kenduta, beste taldeek ez zioten minutua atera Donostiarrari: 52 segundo Hondarribiak, 49 Tiranek, 47 Kaikuk, 39 Pedreñak eta 36 San Juanek. Esandakoa, bere neurria, txukuna. Eta, azken batean, lehen igandeko zorte onak emandako 4. postua ziurtatzea zen helburua; baita lortu ere.

Igande gozoa beraz, bai zaletuen aldetik, bai lortutako postuagatik. Eta zer hobeto tarta eder bat baino, horrelako igande gozoa errematatzeko? Tarta ere gozoa zegoen, ba :)

2011/09/08

1910: Paseo Berria eraiki gabe, Kontxako Bandera

Argazki ederra, inondik ere, ez al zaizue iruditzen?. Hortxe dituzue arraunzaleak, Gazteluko (Urgull mendiko) magalean itsasoari begira, Kontxako estropadaz gozatzen, baita itsasertzeko arroketan ere. Argazkia 1910ekoa da, eta oraindik ez da ageri pare bat urte geroago eraiki zen Paseo Berria. Argi eta garbi ikus daiteke 100 urte baino gehiago dituela gure bandera handiak sortzen duen ikusmirak.

Novedades aldizkarian argitaratu zen irudi ikusgarri hori. Aldizkari garrantzitsua izan zen Novedades, Gipuzkoako bizimoduaren lekuko zuzena: gauza gehiago irakurri nahi baduzue aldizkari horri buruz, ikus HITZAko Itzurun gehigarriak 2011ko apirilean eskainitako atala (II-III orriak).

PD: kontu zaharren zalea den arraunzale honi asko gustatuko litzaioke Donostiarraren egoitzan (Salamanca pasealekuan) zintzilik dagoen Luis Karrilen kuadrillaren argazkia digitalizatu eta sarean jarriko balu klubak. Argazki hori inoiz ikusi gabea nintzen (kuadrilla horren beste argazkiren bat bai, baina hori ez), eta izugarri polita, xarma berezikoa, iruditzen zait. Dagokionari...

2011/09/06

Marea txuria igandean !!!!

Marea txuria igandean: gure mutilen aldeko ekimena bultzatu dute. Kaian, Donostiarrak jartzen duen txoznan elkartuko gara donostiar arraunzaleak 10:30 inguruan, kamiseta txuriarekin, eta txaranga eta guzti arranpa aldera joango gara 11:00etan. Kaiarribako arranpa kolore txuriz bete dezagun !!! Egin diezaiegun gure mutilei merezi duten harrera!!!

Eman ekimenaren berri zure lagunei, egin dezagun marea txuri ahalik eta handiena!!!

Haizearen eta itsasoaren laguntzaz izan bada ere, Donostiarra ohorezko txandan izatea gauza handia da. Urteotan egin den lanari zoriak eman dion saritzat har dezakegu, baina egia da lan txukuna egin zuela traineruak, eta urtez urte koska bat egiten ari dela gora.

Irutxuloko HITZAn Jon Sardon arraunlariak eskainitako elkarrizketan dioenez, "hiriarentzat itxaropentsua eta pozgarria da" igandekoa, baina, era berean, "erantzukizuna" da arraunlarientzat.

Edonola ere, susmoa dut inflexio bat ere izan daitekeela Donostiako afizioak traineruarekin duen harremanean. Mediatikoki oihartzun berezia izan du joan den igandekoak, eta agian jendea gehiago animatuko du traineruaren alde egitera. Mendik pasa den astean zioen bezala, "lo dagoen erraldoia" da Donostiako afizioa, eta pixkanaka esnatzen joan daiteke horrelako emaitzekin.

Nire ustez, datorren igandea aukera ederra da Donostiarraren aldeko eta Donostiako arraunaren aldeko oihu bat egiteko, "hemen gaude" ozen bat esateko. Eta aukera ona izan daiteke iganderako antolatu den marea txuria.

Poz handiz ikusten ari naiz inoiz baino Donostiarrako bandera gehiago jarri dituela jendeak zintzilik. Ikusi ezkerrean, zeinen itxura ederra zuen abuztuaren 31 kaleak atzo arratsean. Baina gero eta gehiago izan daitezen lortu behar dugu. Ikus dezatela gure arraunlariek hiri oso bat dutela atzetik eta hiritar guztien ordezkari direla itsasoan.

Beraz, anima zaitezte, demontre... erosi kamisetak eta jarri soinean igandean... erosi banderak eta jarri zuen etxe eta balkoietan. Donostiarrok, altxa burua!! Sortu dezagun gureen aldeko ez marea txuria, baizik eta tsunamia !! Aupa DONOSTIARRA, kontxo!!!!!

2011/09/05

Ohorezko txandan!!!

Itsasoa maite dut. Itsasoan, eta ez ibai-erreketan, jokatzen diren estropadak maite ditut. Kontxan jokatzen direnak maite ditut. Eta ez dakit zer duen aurten Kontxak, baina bertan izan diren hiru estropadetan haserre eta zakar agertu zaigu ura: Gipuzkoako Txapelketa, Donostiarra bandera eta Kontxako Bandera.

Aurreneko bietan maila ona erakutsi zuen Donostiarrak, eta atzo ere nahiko txukun ibili zen, kanporanzko luzean bereziki: bere txandan aritu zen Pedreñak 13 segundu eskas kendu zizkion ziabogan, eta itzulerako luzean ere 11 segundo besterik ez zizkion jan Kaiku ahaltsuak.

Hala ere, bigarren txandan haizea eta itsasoa asko zakartu ziren, eta hor aritu zirenek ezinezkoa izan zuten lehen txandakoen denboretara hurbiltzea ere. Pentsa, Tiranek 24:50,38 (eta 15 minutu paseak ziabogan)... noiz ikusi ote ditugu azken aldiz horrelako denborak!!

Hori dela eta, Donostiarra laugarren sailkatu zen atzo, eta, ondorioz, OHOREZKO TXANDAN izango da datorren igandean. 1992tik ez da traineru donostiar bat txanda horretan aritu. Gainera, badirudi postu hori mantentzeko hortxe-hortxe ibiliko direla, edo gehienez ere postu bat galduko dela. Ez da lorpen makala.

Zorionak bada, eta animo!!!! Eta donostiar zaletuei: zer gehiago nahi duzue zuen etxe eta balkoietan banderak jartzeko, eta arraunlariak animatzera kaira joateko kamiseta soinean duzuela??

(Argazkia: diariovasco.com)