2011/08/05

B traineruaren garrantzia

Askotan, Donostiarrak traineru bakarra duela pentsatzeko joera errazegia izaten dugu. KAE-1 ligako gorabeherak ditugu mintzagai, zer-nolako altak eta bajak izan diren ontzian, Zarautz edo Santurtzirekin zenbateko diferentzia izan dugun, Kontxan ze paper egingo ote dugun, eta abar… Hala ere, 20 bakarrik ez, Donostiarran guztira ia 40 arraunlari ari dira urtero gogor lanean. B trainerua ere hor badagoelako. Eta traineru horren funtzioa oso garrantzitsua da, funtsezkoa, oinarri sendokoa izan nahi duen klub honen etorkizunerako. Garrantzi hori gogorarazi diguten bi albiste izan dira azken egunotan.
Batetik, hain zuzen Donostiarrako B traineruaz aritu zen Mundo Deportivo egunkaria atzoko artikulu batean (ezkerrean duzue argazkia; ezin izan dut Interneten albistea aurkitu). Alberto Goitia presidentearen hitzak zekartzan artikuluak, eta traineru horren hainbat alderdi azpimarratzen zituen Goitiak: jende gaztea dela, denboraldian seguruena gorantz egingo duela, eta, adibidez bidaietan A traineruak baino gastu handiagoak baditu ere, guztiz garrantzizkoa dela Donostiarrarentzat, etorkizuneko arraunlariak zailtzeko.

Bide bertsutik mintzo da Mendi entrenatzailea Donostiarrako webgunean azaldu den elkarrizketa honetan. Beste hainbat konturen artean, B traineruaz dihardu: jendeak ez duela behar bezala baloratzen soilik San Pedrok, Oriok eta Hondarribiak duten B tripulazio bat izatea, A traineruaren emaitzetan besterik ez dela arreta jartzen (badela hor zer hobetu) eta beste gauza asko ondo egiten ari direla, beharrezkoa dela B ontzi hori etorkizunean ere arraunlariak hortik igo beharko direlako, aurten 3 igo diren bezala.

Gogoan izan, beraz, hortxe ditugula gure gaztetxoak gure koloreak defendatzen KAE-2 ligan, eta haietxek direla gure etorkizuna, etorkizunik izango bada.

PD: Donostiarrak kantaldi bat antolatu du abuztuaren 12an, Trinitate plazan. Hona hemen argibideak eta salmenta-puntuak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario