2011/08/31

Kontxari buruzko web onenak helbide berria


Joan den urtean hitz egin nizuen webgune honi buruz: nire iritziz, Kontxako Banderaren inguruko webgunerik onena da.

Kontua da, arrazoi teknikoak direla medio, helbidea aldatu egin duela. Hona hemen helbide berria:
http://www.kontxakoestropadak.eu/kontxako.htm (Webak izan dituen lehenagoko helbideetan zaharkitua dago informazioa).

Blog honetan, eskuineko zerrendan dituzuen esteka edo link horien arteko lehena da, eta hor izango duzue eskura web horretara joan nahi baduzue.

2011 KAE liga ona Donostiarrak

A
B
Aitor Aranegi 14 Ariel F. Lalosevich 16
Arkaitz Diaz 14 Asier Aizpurua 16
Ibai Sistiaga 14 Elias Arruabarrena 16
Iñaki Andonegi 14 Jon Aitor Krutxaga 16
Jon Sardon 14 Mikel Egaña 16
Miguel Angel Enriquez 14 Nikolas Yurramendi 16
Telmo Yurramendi 13 Oskar Villar 16
Hibai Fuente 13 Xabier De Diego 16
Ekain Iriarte 13 Xabier Goienetxea 16
Patxi Olabe 13 Iñaki Galparsoro 14
Xabier Zabala 12 Xabier Agirre 14
Iban Viaga 11 Julen Emezabal 11
Oskar Artola 11 Julen Gorostiaga 11
Gorka Ibarluzea 8 Ander Jauregi 9
Jon Enbil 8 Ibai Beraza 8
Oier Iurramendi 8 Iñaki Agoues 7
Mikel Kortadi 2 Julen Yarza 5


Ibon Letamendi 1

Hor goian dituzue arraunlari bakoitzak arraunean egindako estropada kopuruak. Izerdi guzti horren ondorioz, Donostiarrak laugarren postuan amaitu du 2011ko KAE-1 Liga. Iazkoarekin konparatuta postu bat gorago bukatzea lortu dute donostiarrek (nahiz eta kontuan izan behar den aurtengo denboraldian Santurtzik izan dituen gorabehera bereziak).

Gero eta lehiakorragoa den KAE Ligan beste pausotxo bat eman du Donostiarrak, pixkanaka baina sendo aurrera daraman bidean. Eta prozesu horretan azpimarratzekoa iruditzen zaidana: teorikoki iazkoa baino hobea ez zen plantilla batek lortu du hori, iaz B traineruan zebiltzan hiru arraunlari maiz tostetan arituta (posturik onena lortu zen estropadan, Bilbokoan, barruan zeuden hiru gaztetxo horiek).

Horri gehitzen badiogu B traineruak gero eta maila hobea eman duela KAE-2 ligan, bosgarren postu txukunak lortuz azken aldera, esan daiteke sustrai sendoak dituela proiektuak bere hazkundea bermatzeko. Blokea mantentzea izango da garrantzitsuena datorren urterako, eta hortik gora, ahal dena.

Gauza hauetaz eta beste batzuetaz mintzatu da Mendi entrenatzailea gaurko Irutxuloko HITZAn, denboraldiaren balorazioa egiten duen elkarrizketa honetan.

(Argazkia: Maider Celada)

2011/08/25

Donostiarrek gozatu egin dute Trophée Teink 2011 zeharkaldian

Duela bi hilabete, Donostiako arraunlari ohi batzuk Trophée Teink 2011 itsas zeharkaldian arituko zirela kontatu nizuen hemen.

Ezaugarri bereziko (garai bateko arrantzaleen bizimodua eta bidaiatzeko era gogora ekartzea baitu helburu) zeharkaldi hori amaituta, esperientzia benetan zoragarria izan dela diote Andoni Torres, Tomas Aldai eta Gotzon Urtizberea adiskideek, eta datorren urtean berriro ere bertan aritzeko asmoa erakutsi dute.

Donibane Irmako ontzian sei egunez 150 kilometro arraunari tiraka bizi izandakoa guztiokin partekatzeko, Facebook-eko helbide hau erabili dute Portaletas izeneko taldean aritu diren hiru donostiar hauek: bertan aurkituko dituzue etapen informazioa, sailkapenak, argazkiak, bideoak, eta izan dituzten beste hainbat bizipenen testigantza. Haiekin harremanetan jarri nahi duenak ere, hortxe du aukera ezin hobea. Itsas zeharkaldiari buruzko argibide gehiago jakin nahiz gero, hemen duzue zeharkaldiaren blog ofiziala.

Blog xume honetatik zorionik beroenak eman nahi dizkizuet hiruroi, horrelako ekimen erakargarrian parte hartzeagatik eta haren berri donostiarroi emateagatik.

2011/08/21

1940: Traineru donostiarraren eta kaiaren arteko lotura

Koldo Mitxelenak 1940an idatzitako bertso batzuen berri eman nizuen aurreko sarrera batean. Gertaera horri buruzko informazio zehatzagoa bilatzen ari nintzela, gauza jakingarri bat topatu nuen Rafael Agirre Francok Kontxako estropadei buruz idatzitako liburu paregabean(*).

Kontua da garai hartan estropalariek traineruaren herri bertako biztanleak izan behar zutela eta alkateak zuela nolabaiteko erroldatze-agiriak egiteko eskumena. Dirudienez, alkateak ez ziren oso zorrotzak izaten agiri horiek egitean, eta tarteka tranpatxoak egiteko tentazioa izaten zuten (baita tentazioan erori ere). Gero inpugnazioak izan ohi ziren, noski. Inpugnazio horietako bat Donostiako Amaikak-Bat traineruari buruzkoa zen: zerrendako hiru ez omen ziren donostiarrak, eta zerrenda aldatu egin behar izan zuten.

Zerrenda berri eta behin betikoan ikus daiteke oso lotura estua zuela traineru donostiarrak kai inguruarekin. Izan ere, tripulazio ia osoa kaian bertan bizi zen, edo kai ondo-ondoan (Mari kalean, Portu kalean...), edo Abuztuak 31 kalean (Amaikak Bat soziedade koxkeroa bera ere dagoen kalean). Hona hemen Donostiako Udaleko idazkariak aurkeztutako zerrendan ikus daitezkeen bizilekuak:

Eustakio Iraola Gaztelumendi ("Famao") - Kaia, 19
Fausto Arrasate Ituarte - Abuztuaren 31, 29
Jose Arruti Kalonje - Mari, 21
Jesus Megias Olaizola - Kaia, 14
Florentino Urtizberea Emezabal - Kaia, 3
Ricardo Vicuña Etxegoien - Mari, 21
Jose Ibarluzea Iturria - Abuztuak 31, 15
Felix Solabarrieta Balenziaga - Euskal Herria, 6
Juan Ikazategi Kaperotxipi - Portu, 9
Angel Etxabe Berasategi - Txanpoene baserria
Antonio Vaqueriza Balzola - Abuztuak 31, 31
Javier Etxezarreta Landaberea - Kaia, 10
Antonio Zubiaurre Arozena - Mari, 21

Donostiako arraunarekin lotura zuzena duten hainbat abizen ikus daitezke zerrenda horretan, eta, era berean, oso eremu murritzean zuela jatorria 1940ko bigarren jardunaldian garaile irten zen tripulazio hark. Salbuespen bakarra dago: Txanpoene baserriko Angel Etxabe. Txanpoene baserria Amara Zaharreko mendi magalean, San Roke auzuneko goialdean, dagoen baserri bat da, Donostiako erdialdetik bi pausu eskasera. Oraindik ere zutik dirau, nahiz eta, tamalez, luzaroko izango ez dela dirudien (hemen duzue argibide gehiago).

Bitxikeria gisa: 1940ko urte hartan, tripulazioek beren kamiseten kolorea hautatu ahal izan zuten lehen aldiz, eta orain arte iritsi diren koloreak hautatu zituzten; hala nola, Hondarribiak berdea, Oriok horia, Santurtzik morea, eta Donostiak zuria (Donostiako beste tripulazioak, Loiolatarrak, urdina hautatu zuen).

(*) AGUIRRE, R.: Donostiako Estropadak (1879 - 2001) Regatas de la Concha. Kutxa Fundazioa. Donostia, 2002.
Argazkia: CC BY-SA, Gipuzkoako Foru Aldundia, Kultura Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren Argazki Bilduma.

2011/08/05

B traineruaren garrantzia

Askotan, Donostiarrak traineru bakarra duela pentsatzeko joera errazegia izaten dugu. KAE-1 ligako gorabeherak ditugu mintzagai, zer-nolako altak eta bajak izan diren ontzian, Zarautz edo Santurtzirekin zenbateko diferentzia izan dugun, Kontxan ze paper egingo ote dugun, eta abar… Hala ere, 20 bakarrik ez, Donostiarran guztira ia 40 arraunlari ari dira urtero gogor lanean. B trainerua ere hor badagoelako. Eta traineru horren funtzioa oso garrantzitsua da, funtsezkoa, oinarri sendokoa izan nahi duen klub honen etorkizunerako. Garrantzi hori gogorarazi diguten bi albiste izan dira azken egunotan.
Batetik, hain zuzen Donostiarrako B traineruaz aritu zen Mundo Deportivo egunkaria atzoko artikulu batean (ezkerrean duzue argazkia; ezin izan dut Interneten albistea aurkitu). Alberto Goitia presidentearen hitzak zekartzan artikuluak, eta traineru horren hainbat alderdi azpimarratzen zituen Goitiak: jende gaztea dela, denboraldian seguruena gorantz egingo duela, eta, adibidez bidaietan A traineruak baino gastu handiagoak baditu ere, guztiz garrantzizkoa dela Donostiarrarentzat, etorkizuneko arraunlariak zailtzeko.

Bide bertsutik mintzo da Mendi entrenatzailea Donostiarrako webgunean azaldu den elkarrizketa honetan. Beste hainbat konturen artean, B traineruaz dihardu: jendeak ez duela behar bezala baloratzen soilik San Pedrok, Oriok eta Hondarribiak duten B tripulazio bat izatea, A traineruaren emaitzetan besterik ez dela arreta jartzen (badela hor zer hobetu) eta beste gauza asko ondo egiten ari direla, beharrezkoa dela B ontzi hori etorkizunean ere arraunlariak hortik igo beharko direlako, aurten 3 igo diren bezala.

Gogoan izan, beraz, hortxe ditugula gure gaztetxoak gure koloreak defendatzen KAE-2 ligan, eta haietxek direla gure etorkizuna, etorkizunik izango bada.

PD: Donostiarrak kantaldi bat antolatu du abuztuaren 12an, Trinitate plazan. Hona hemen argibideak eta salmenta-puntuak.

2011/08/03

Ur-Kirolakeko bi jubenilek urrezko domina Austrian

Asteburu honetan, Arraunketako Gazteria Koparen 27. edizioa jokatu da Austrian (Linz/Ottesheim).

Igandeko jardunaldian, urrezko domina lortu zuten Ur-Kirolak talde donostarreko bi jubenilek. Jon Ander Diezek eta Imanol Iradik podiumeko postu gorena lortu zuten adin horretako 4- kategorian (JM 4- 2000 m), Jon Aizpeolea eta David Oliverrekin batera. (Eskuineko argazkian dituzue bi arraunlariok).

Hona hemen jardunaldi horretako denborak. Gure txapeldunek irabazitako estropada ikusteko, bilatu orri horretan Event 202: Junior Mens Coxless Four dioen atala.

GERORA EDITATUA: Abuztuaren 26an honako elkarrizketa hau egin zitzaien Mundo Deportivo egunkarian.

Zorionak biei eta animo!!!!

(Argazkia: diariovasco.com)