2011/07/21

1940: Koldo Mitxelena donostiarrei burlaka

1940. urtean, Oriok irabazi zuen Kontxako bandera, bi igandeetako denborak batuta markarik onena egin zuelako. Hala ere, bigarren jardunaldian Donostiako Amaikak Bat taldeko trainerua izan zen nagusi (hona hemen denborak). Garaipen horren harira, anekdota bitxi bat gertatu zen, eta Koldo Mitxelena hizkuntzalari handia izan zen protagonista.

Koldo Mitxelenak berak kontatzen duenez (*), Burgosko espetxean zegoen urte hartan, beste hainbat euskaldunekin batera, gerraosteko kartzela-zigorra betetzen (hortxe duzue eskuineko argazkian Mitxelena, zutik daudenen artetik bigarrena ezkerretik hasita, gerrako fronteko hainbat adiskiderekin).

Mitxelenaren kontakizunaren arabera, urte hartako irailean familiarteko baten bisita jaso zuen Burgosko espetxean preso euskaldun batek, eta donostiarren garaipen horren berri izan zuen. Ziztu bizian zabaldu omen zen albistea euskaldunen artean. Jakina, donostiarrak pozez zoratzen jarri omen ziren, guztiz harrotuta, kartzelako bat baino gehiago dezente gogaitzeraino-edo.

Ez dakigu gogaituta utzi zituzten horietako bat Mitxelena errenteriarra izango zen, baina badakiguna da beheko bertso horiek idatzi zituela, donostiarrei adarra jotzeko intentzioarekin.

Bertsoetan ikus dezakegu nola aipatzen duen behin baino gehiagotan "Patxi" santua (Franco, noski), eta baita "Pamao" ere (Eustakio Iraola, "Famao", garai hartako donostiarren patroi ezaguna). Horra bertsoak:

1. 4.
Zenbait bertsotan azal bear det "Aufa! Etzegok mundu guzian
azaldu al baldin bada, gu bezelako mutillik!
gure gañera erori zaigun Gora Amaikak! Gora Donosti!
eraso gogor zakarra. Gora Kiriko ta Karril!
Atzo jokatu estropadak ta Lagundu digun Santu berria
garaile donostiarra… Jaunak dezala berekin!
Gure oraingo entzun bearra Gora Pamao! Betor onera
ezta izango makala! iñon bada galtzadunik!
Goiko Jaun onak emango al digu Eztator iñor… Ez baitek jaio
eramateko indarra! donostiarren berdiñik."


2. 5.
Ori da gauza arrigarria… Gaurko gurenda ospatu bedi
Donostiarrak lenbizi! Kirikorena bezela:
Patxi Santuak mirariren bat piztu argiak, jantzi leioak
egin duela dirudi. Patxiri jarri kandela…
Santu berriak lagundu arren "Marca Pamao" karameloak
atik eztute merezi. laister egin ditzatela…
Ta… aspaldi ontan nola eztuten Amaika urtez egon bagera
olakorikan ikusi, gure txokoan erreta…
esponja baño arrogo daude… ara aurtengoa guk irabazi…
Oien ondoan zein bizi! Danak izorraitezela.


3. 6.
Irten zulotik, donostiarra… Urte bat laster dijoa eta
mingaña ongi dantzatu; egin orain lasai parra,
ainbeste urtez ixil bearrak Datorrenean… ongi dakizu:
ia ia lertu zaitu. zokoan gorde bearra,
Bota arrunkak zuk oi bezela, Asterakoan: "Aupa Amaikak!
arro-panparroi agertu: Aurrera Donostiarra!"
au jakin gabe gipuzkoarrik Gero itzulera, beti bezela,
ez bedi beintzat gelditu; larri begian negarra…
oraingoa, ba, zurea da ta Beste olakorik ikusterako
bazter guziak nazkatu. luza bear zaizu bizarra!

(*) Koldo Mitxelena: Euskal idazlan guztiak, I, Klasikoak, 21, 1988. Euskal Editoreen Elkartea.
AUSPOA saileko Antonio Zavalaren "Estropadak bertsotan" liburuan jaso dugu anekdota eta bertso hauen berri.

2011/07/14

Donostiarrak laugarren Gipuzkoako Txapelketan

Oso itxura ona eman du Donostiarrak Gipuzkoako Traineru Txapelketan. Itsaso zakarra izan da nagusi estropadan, eta itsaso horretan arraunkera egokian aritzea guztiz garrantzitsua izan da. Beherago duzue jmazkue arraunzale finak ateratako bideoa, itsasoaren egoera ikus dezazuen.

Donostiarrek ondo hartu diete neurria olatuei eta bigarrena izan da bere txandan, Orioren atzetik. Azpimarratzekoa da poparean egin dituzten bi luzeetan denbora jan egin diola Donostiarrak Oriori. Beste txandan ezustekoa eman du San Juanek, ontzian ura hartuta espero baino denbora txarragoa egin baitu.
Horrela, laugarren postua lortu dute Donostiarrek eta Euskadiko Txapelketa jokatzeko txartela eskuratu dute. Hona hemen denborak.

2011/07/05

Donostiar more, berde, arrosa eta horiak

Ez, ez... ez naiz ari estropadetara kamiseta more, berde, arrosa edo horia jantzita joaten diren donostiar arraunzaleei buruz. Horiez igual beste egun batean hitz egingo dut... edo ez, bakoitzak egin dezala nahi duena, aizu.

TKE ligan arraunean ari diren arraunlari donostiarrak aipatzen ditu Irutxuloko HITZAk gaurko alean. Noizbait gure hiriko Donostiarra liga horretara iritsiko dela amesten dugun bitartean, gaur egun Donostiatik kanpo egin behar dute arraunean goi-goi mailan aritu nahi duten kirolariek.

Eta ez dira nolanahikoak, ez; albisteko arraunlari-zerrenda ikustea besterik ez dago: Xabier Etxebeste Kaikun; Haritz Etxebeste, Fernando Balentziaga eta Axier Kolina Orion; Aritz Jauregi, Alain Osanbela, Ion Piñeiro eta David Sainz San Juanen; eta Iker Aranburu, Iñaki Arrieta, Joseba Azurmendi, Egoitz Etxebeste, Iñaki Garmendia, Loren Jauregi, Lander Larrauri, Gabi Larrinaga, Jon Lizarazu eta Joseba Mayoz San Pedron.

Pentsa, horiek denak eta Donostiarran dauden donostiar mordoxka (gehiengo zabala da) batuta, pentsa zeinen tripulazio bikaina atera daitekeen. Gorena.
Amets egiteko bada ere...

(Argazkia: Irutxuloko HITZA)