2011/06/29

"JJ Gaztelu" itsasontzia

Aurreko batean, gure hiriko hainbat txokotan arraunarekin zerikusia duten irudi, argazki eta bestelako detalleak daudela gogoratzearekin batera, horietako batzuk pixkanaka blog honetan aipatzeko asmoa dudala kontatu nizuen. Badakit asko garrantzi txikikoak izango direla, seguruena; baina esanahi eta sinbolismo berezikoak dira, nire ustez behintzat. Lehengo hartan, Aizepe soziedadean dagoen argazki zahar bat ekarri nizuen gogora.

Oraingoan, denok ezagutuko duzuen “klasiko” bat aipatuko dut: kaian, Pixepel izenez ezagutzen den lekuaren inguruan atrakatuta egon ohi den “JJ Gaztelu” arrantza-ontzia. Egurrezko itsasontzi urtetsua da, dotorea, hainbat eta hainbat arrantzalditan parte hartutakoa, eta oraindik ere sasoiko dagoena, itsasorako joan-etorrietan aritzen baita bete-betean.

Nire lagun batek dio, eta ez zaio arrazoirik falta, inoiz ontzi honek arrantzan aritzeari utziko balio, udalak mantendu egin beharko lukeela kaian eta inguruko uretan hara eta hona, metalezko itsasontzi berrien ondoan, garai bateko arrantza-ontzien erakusgai.

Eta zergatik aipatzen dudan JJ Gaztelu? Ba, asmatuko zenuten bezala, branka aldean duen ikurrarengatik: kolore biziz margotuta Ur-Kirolak taldearen ikur gorri-berdea du ontziak aurrealdean (beno, garai batean izango zituen kolore biziak, gaur egun nahiko maskalduta ageri da-eta irudia). Pixepel paretik pasatzen naizen guztietan, JJ Gaztelu hortxe badago, ezinezkoa egiten zait begiratu azkar batean Ur-Kirolakeko bandera eta UK letra horiek ikusi gabe aurrera egitea.

Horrelakoxea naiz ba, nahiko berexia.

2011/06/20

Bidal gaitzazue Txindoki puntara!!!

Bi adiskide, bi arraunzale donostiar, Donostiarraren bi jarraitzaile... tabernako berriketa txepelean.

Denboraldi berriaren aurrean, Donostiarrak egin dezakeena dute hizketagai. Ligako gainerako taldeak ondo prestatuta datoz, gogorra izango da kontua aurten; baina ezer ere ez omen da erraz munduan-eta...

Aurtengoan ere, trainerua animatzeko asmoa dute bi lagunek, eupadaka marru batzuk botata barrena lasaitzeko, eta, arraunlariek zeozer entzuten badute, hobeto... Haien nekea arintzeko balioko ahal du!

Bi adiskide, bi arraunzale donostiar, Donostiarraren bi jarraitzaile... tabernako berriketa txepelean.

Zaila bada ere deskuidoan bandera bat irabaztea zeinen ederra litzatekeen dute hizketagai. Eta Donostiarrak, donostiar guztion traineruak, bere lehen bandera irabaziz gero nola ospatuko luketen hasi dira pentsatzen. Ja ja, polita litzateke. Baina nola ospatu? Parranda xoil bat? Eta hasi dira ideia txoroak botatzen, beste bi Keler eskatuta. Eta hara, halako batean hauxe dio batek "Bazekiat! Donostiarrako kamiseta jantzita Txindoki puntara igoko gaituk, eta Donostiarraren bandera zabalduta argazkia aterako diagu hantxe tontorrean!!". Hasieran, parre ergelekin egin diote ongietorria ideia txatxuari, baina parreak isiltzearekin bat, elkarri begiratu diote, bekainak altxa eta ikusi dute baietz, horixe egingo dutela. Hara! Eta parreari ekin diote berriro.

Beraz, Donostiarrako arraunlariak, badakizue. Tabernako berriketa txepelean aritu ohi diren bi adiskide, bi arraunzale donostiar, Donostiarraren bi jarraitzaile Txindokin gora bidali nahi badituzue, eta blog honetan ikusi nahi baduzue gure bandera Txindoki tontorrean... irabaz ezazue bandera bat. Hori "besterik ez", ja ja ja.

Eta lortzen ez baduzue, ez kezkatu, izango duzue-eta beti baten bat petriletik zuei eupadaka, marru batzuk botata barrena lasaitzeko
Animo!!
(Argazkia: Ketari CC BY-SA)

2011/06/17

Teink 2011 zeharkaldian, donostiar arraunlari ohiak

Ekimen interesgarri baten berri ematen zaigu Irutxuloko HITZAK argitaratzen duen Itzurun gehigarriaren gaurko aleko VII. orrialdean: Teink 2011 zeharkaldia.

Garai bateko arrantzaleen bizimodua eta bidaiatzeko era gogora ekartzeko itsas zeharkaldia da Teink 2011, Donibane Lohizuneko Ur Ikara elkarteak antolatua. Bilbotik irten eta Donibane Lohizunerako ibilbidea egiten dute arraunean, sei eguneko ibilbidea (uztailak 25-30). Guztira 150 kilometro egiten dira arraunari tiraka. Parte-hartzaile gehienak arraunlari nahiko beteranoak izan ohi dira.

Aurtengo edizioan (19.a izango da), Donostiako hiru arraunlari ohi arituko dira zeharkaldi horretan, Arraun Lagunak eta Donostia taldeetan aritu eta gero duela 15-17 urte arrauna egiteari utzi zioten Andoni Torres, Tomas Aldai eta Gotzon Urtizberea adiskideak. Hiru arraunlarirentzako batel batean arituko dira, eta, diotenez, Hegoaldeko partaide bakarrak izango dira.

Elkarrizketa honetan kontatzen digute nola izan zuten abentura honen berri, eta zein izan ziren prestaketa egin bitartean izan dituzten bizipenak eta sentimenduak. Interesgarria oso.

(Argazkia: Itzurun (Irutxuloko Hitza))


2011/06/13

Donostiarra: bazkidearen eguna

Atzo eguerdian Bazkidearen Eguna ospatu zuen Donostiarrak.

Klubak mokadutxo bat hartzera gonbidatu zituen bazkideak, eta, bidebatez, A eta B taldeetako arraunlariak aurkeztu zituen.

Alkate izendatu berriak azpimarratu zuen udala traineruaru laguntza ematen jarraitzeko prest dagoela, eta Donostiarrako presidenteak, eskerrak ematearekin bat, beste kontu batzuetaz ere hitz egin behar zutela erantzun zion (zerbaiten eskean-edo), irribarre artean. Esponsor guztiei eskerrak eman zizkien, eta aurtengoan Urkatx arrandegiaren eta Martin Berasategiren diru-laguntza ere jasoko dutela adierazi zuen. Gero, Ekain Iriarte eta Jon Sardon arraunlariek eskerrak eman zizkieten bertaratutako bazkide eta zale guztiei, eta beren aldetik ahal duten guztia egiten saiatuko direla agindu zuten.

Azkenik, herritarrok taldeari ematen diogun arnasaren erakusgarri modura, Donostiarrako kamisetarekin jantzita joandako guztiak argazki batean atera ginen Torrekua traineruaren atzean, klubeko presidentearekin, entrenatzaile eta arraunlariekin eta Donostiako alkatearekin batera. Kosta zitzaion argazkilariari inolako esponteneorik gabeko argazkiren bat ateratzea, bai kostatu ere. Hona hemen atzoko ekitaldiaren argazki galeria bat.

Arraunlariak pozik ageri ziren, neguko zailtasunak alde batera utzi eta benetako estropadei ekiteko irrikaz; zaleak, berriz, itxaropentsu gaude, ekaineko estropada hauetan emaitza txukunak lortzen ari baita Donostiarra. Ea bada.

(Argazkia: diariovasco.com)

2011/06/08

Gorka Ibarluzea eta Alex Domingo

Donostiako udalaren euskara patronatuak argitaratzen duen MUGI aldizkarian, bi arraunlari donostiarri buruzko erreportaje hau argitaratu dute.

Donostiarra traineruan dabilen Gorka Ibarluzea (32 urte) da bata, eta Arraun Lagunakeko aulki mugikorreko modalitatean dabilen Alex Domingo (17 urte) bestea. Arraunean urteak daramatzan arraunlari esperientziaduna eta kirol honetan gogor ekiteko gogoz datorren gaztetxoa.

Beren nondik-norakoak, asmoak eta esperientziak kontatzen dizkigute elkarrizketa honetan. Eskertzekoa da arraunari bere tartetxoa eskaintzea horrelako argitalpenetan.

2011/06/01

Bazkideen eguna, ekainaren 12an

Donostiarra taldeak honako jakinarazpen hau egin du bere webgunean.

BAZKIDEEN EGUNA, plantillen aurkezpena, hamaiketakoa... denak kolore zuriarekin jantzita Donostiarraren kamisetarekin. Aukera paregabea arraunlarien eta herritarron arteko lotura estutzeko.

Joan gaitezen denok, eta eman diezaiegun arnas gure mutilei!!!!!