2011/05/29

Gu gera Donostikooo harrobi berria-aaa...

Donostiarra traineruaren proiektua sortu zen unetik, Donostiako arraunarentzat eta bere etorkizunarentzat ezinbesteko ekimena zela iruditu zitzaidan. Estrategikoa, gure hiriak kirol honen potentzialidade handienaz, aukera zabalenak aprobetxatuz, jardun nahi bazuen.

Badakit asko ez dagoela nirekin ados (bat baino gehiagorekin eztabaidatua baitut) baina Donostiak oinarrian zituen baliabideak, gorantzakoan, gailur argirik gabeko piramide batean galtzen zirela iruditzen zitzaidan. Izerdi, denbora, diru, buru-hauste eta dedikazio izugarriak kostata (klub historikoetako direktiboen eta entrenatzaileen aldetik, bereziki) ateratzen ziren arraunlariak erreferente zuzenik gabe geratzen zirela. Eta gailur hori traineru bateratua, Donostiako traineru bakarra, zela (edo izan behar zuela) argi ikusten nuen nik.

Donostiak badu harrobia, baina harrobi hori hemen gelditzea lortu behar dugu, eutsi egin behar diogu kemen guzti horri, gure etorkizuna baita. Hori lortzeko bide zuzenena harrobia elementu batekin identifikatzea da, Donostiarekin, Donostiako traineruarekin.

Hau dena etorri zait gogora Auzoka aldizkarian elkarrizketa hau irakurri dudanean. Donostiako arraunlari gaztetxo batek, Gontzal Iraolak, bere kirol-esperientzia kontatzen digu. Arraun Lagunak taldearen zale izanagatik, Ur-Kirolakeko zortzikoan ari da jo eta su. Eta, beste hainbat konturen artean, bere talde gustokoena zein den galdetuta, honako hau dio Gontzalek:

"
Ni txikitatik Arraun Lagunak taldekoa izan naiz, baina Ur-Kirolak eta Arraun Lagunak taldeek Donostiarra sortu dutenetik, Donostiarra gustuko dut. Nire ustez, talde gaztea da, eta guztiak Donostiako arraunlariak dira; horrek bereizten du beste talde batzuetatik."

Hor esaten dena eta lerro artean irakur daitekeena, hori bai dela etorkizuna.

2011/05/27

Mendiri elkarrizketa Irutxuloko HITZAn

Gaurko Irutxuloko HITZAn, Donostiarrako entrenatzaile Mendiri egindako elkarrizketa hau ageri da. Aspaldi ez genuen klubeko albisterik -ez komunikabideen eskutik, ez klub beraren eskutik-, eta zinez eskertzen da talde barruko gorabeheren berri izatea.

Bajak eta altak izan diren arren, arraunlari-taldearen jarraipena azpimarratzen du, horrek beste puntu bat ematen baitio talde-kirol honi. Patroia Arkaitz Diaz izango dela berresten du, era berean, eta B taldetik hiru igoko direla. A taldean, guztira, 17 arraunlari eta bi patroi izango dira plantillan.

Portugalete eta Santurtzi sendo indartu diren arren, Donostiarra zerbait lortzeko bide onean ari dela uste du.

Bestalde, klubaren etorkizunerako oso garrantzitsutzat dituen bi alderdi aipatzen ditu: udalaren laguntza eta bazkide-kopuru handia. Eta azkenik, osasun-kontuak tarteko, ez du epe luzerako bere burua taldean ikusten, nahiz eta TKEra igotzeko asmoarekin segi.

Hor duzue, beraz, elkarrizketa.


2011/05/16

Ur-Kirolaken argazki zaharrak Gure Gipuzkoan

Gure Gipuzkoa webgunea ezagutzen al duzu? Gipuzkoako Foru Aldundiak sortutako webgunea da, eta Gipuzkoa gaitzat duten argazkien nolabaiteko bilduma jartzen du guztion eskura. Bertan dauden argazkiak zure ordenagailura jaitsi eta erabil ditzakezu, eta zureak ere igo ditzakezu webgunera beste guztiekin konpartitzeko.

Pixka bat saltseatzen ibili eta gero, Ur-Kirolak taldearen argazki hauek aurkitu ditut. Niri behintzat oso kuriosoak iruditu zaizkit, bizitasun handikoak, eta ea niri bezainbeste gustatzen zaizkizuen. (Bereziki bigarren argazkiko "Ur-Kirolak por Guipuzcoa" horrek harritu nau, Gipuzkoa osoari egindako erreferentziak... Alabaina, gaur egungo begiradarekin bakarrik da hori harrigarria, noski).

Lehen argazki-sail batean, 1946an Ur-Kirolakeko arraunlariei egindako ongietorrian ateratako zortzi argazki hauek ikus ditzakegu: 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7 eta 8. Sail honetakoak dira behean ageri diren bi argazkiak.
Bigarren saila, berriz, 1964an Ur-Kirolak Espainiako Txapeldun izan zenekoa da, horra: 1, 2, 3 eta 4.

RECIBIMIENTO A LOS REMEROS DE UR KIROLAK EN SAN SEBASTIAN. (Foto 6/8)
GureGipuzkoa.net | © CC BY-SA: Vicente Martín

RECIBIMIENTO A LOS REMEROS DE UR KIROLAK EN SAN SEBASTIAN. (Foto 7/8)
GureGipuzkoa.net | © CC BY-SA: Vicente Martín

2011/05/09

Donostiarrak aulki mugikorreko txapelketetan

Asteburu honetan jokatu da Legution aulki mugikorreko 8+ kategoriako Euskadiko Txapelketa. Joan den asteruan Gipuzkoako Txapelketa jokatu zen Orion. Aspaldiko partez modalitate horretako ontzia atera dute Arraun eta Urkik, eta, beraz, bi klubetako zortzikoak izan ditugu bi txapelketa horietan.
Hona hemen emaitzak:

EUSKADIKO TXAPELKETA
1. Hondarribia 5:45,50
2. Getxo 5:54
3. Santiagotarrak 5:58,20
4. Orio
5. Arraun Lagunak
6. Ur-Kirolak

GIPUZKOAKO TXAPELKETA
1. Hondarribia 4:54,92
2. Orio 4:59,72
3. Ur-Kirolak 5:02,52

4. Santiagotarrak 05:03,13
(Donostia Arraun Lagunak sailkapen-estropadak kanporatuta geratu zen).

estropa.net webguneak Gipuzkoako Txapelketako bideo hau eskaini digu: