2011/03/29

Arraun Lagunak Londresko txapela defendatzera

Aurreko sarrera batean esaten nizuen donostiarrak arituko direla, aurten ere, Londresko Head of the River Race estropada ospetsuan. Beteranoen kategorian, Donostia Arraun Lagunakeko zortzikoa izan zen txapelduna iaz Tamesisko uretan, eta txapela irabazteko asmoz joango dira aurten ere.

Horren berri ematen digu Diario Vascok gaurko alean kaleratu duen elkarrizketa honetan. Joseba Higos arraunlariak iazko esperientzia kontatzen du, eta aurten dituzten itxaropenen berri ere ematen digu. Eta, diruz laguntzen dituen esponsorrari ere eskerrak ematen dizkio, bide batez.

Beste gai bati helduz, KAE Ligako webgunean aurredenboraldiko plantillak erakusgai jarri dituzte, baina oraingoan arraunlari bakoitzari buruzko fitxa ere eskainiz (adina, klubetako historiala eta abar). Ikusi dut iaz egindako huts batzuk ez dituztela zuzendu, Donostiarrako arraunlari beterano bati 54 urte botatzen baitizkiote, eta, tira, beteranoa bada baina hainbeste ere, ba, ez.

(Argazkia: diariovasco.com)

2011/03/21

Donostiarra: 2011 aurredenboraldiko plantillak

KAE Ligak aurredenboraldiko zerrendak kaleratu ditu: hona hemen Donostiarra taldeko A plantilla eta B plantilla.

Gogoan izan, dena dela, behin-behineko zerrendak direla eta aldaketak izango direla ekainean finkatuko diren zerrenda definitiboetan. Ikusiko dugu zertan diren behin betiko zerrenda horiek, baina badirudi ez-propio gutxiago izango ditugula (36tik 33 propioak dira aurten, 36tik 28 iaz), eta B traineruan izandako batzuk A traineruan izango ditugula aurten.

Bestalde, konfirmatu da Kaskante, Lujanbio, Kintana, Palenzuela, Sistiaga eta Poncek taldea utzi dutela A traineruan eta Zubiri, Iradi, Araujo eta Garcia Molinak B traineruan. Horien ordez Fuente, Viaga, Fidalgo eta Zabala etorri dira A taldera, eta Iñiguez, Galparsoro, Diaz, Villar eta Renteria B taldera.

2011/03/16

HITZA: Donostiarrak Londresera begira

Aurreko blog-sarreran esan nizuen Ur-Kirolak eta Arraun Lagunak Londreseko Head of the River Race estropada ospetsura joango direla. Bi taldeek zortziko seniorra bidaliko dute, eta loiolatarren tripulazio jubenila ere arituko da Tamesisko uretan,

Horri buruzko erreportajea eskaini digu gaurko alean Irutxuloko HITZA egunkariak. Xabier Zabala "Bixkar" da Ur-Kirolakeko entrenatzailea, eta Ekain Iriarte, berriz, Arraunekoa. Bi taldeen esperantzak, helburuak eta zailtasunak izango dituzte mintzagai erreportajean; merezi du irakurtzea.

Hona hemen bi taldeetako arraunlariak:

UR-KIROLAK:
ARRAUN LAGUNAK:
-Xabier Zabala (Entrenatzailea). -Ekain Iriarte (Entrenatzailea)
-Elias Arruebarrena. -Xabier Agirre.
-Xabi de Diego. -Aitor Aranegi.
-Julen Durandegi. -Alberto Domingo.
-Aritz Etxeberria. -Ander Paisan.
-Hibai Fuente. -Ander Iñiguez
-Xabi Goienetxea. -Ander Iriarte.
-Urko Indaberea. -Jon Krutxaga.
-Jon Sardon. -Alex Terrones.
-Mikel Sudupe -Ander Urtasun.


-Telmo Yurramendi.


-Nikolas Yurramendi.


-Eli Zaballa.

2011/03/14

Aulki mugikorreko berriak

Aulki mugikorreko modalitatean badira albisteak Donostiako klubei dagokienez:

Londresen apirilaren hasieran jokatuko den Head of the River Race estropada ospetsuan Donostia Arraun Lagunak eta Ur-Kirolak taldeko ontziak izango dira, estropada horren webgunean ikus dezakegunez: Arraunek zortziko bat bidaliko du, eta bi zortziko Ur-Kirolakek.

Bestalde, aspaldiko partez 8+ seniorra atera du Loiolako klub gorri-berdeak, eta Gipuzkoako Ligan lehia interesgarria izaten ari da Oriorekin. Ehuneko eskaseko tartean ari dira bata zein bestea estropadak irabazten, emozio handiko estropadetan (hona hemen, adibide gisa azken bi jardunaldietako emaitzak: 5. jardunaldia eta 6. jardunaldia). Kategoria jubenileko zortzikoa ere maila txukuna ematen ari da. Ea bada, animo denei!

(Argazkia: CRO Orio AE)

2011/03/09

1948: Franco Kontxako estropadetan

Blogeko sarrera zaharragoetan, ikusia dugu Franco Kontxako estropadetara etorri zalea zela: horren adibide da 1969ko argazki hau, eta bitxikeria historiko gisa ere aipatu genuen 1948an izan zela diktadorea Kontxan bertan hiltzeko atentatu-saio bat.

Oraingoan ekartzen dizuedan bideoa 1948 urte horretakoa da, hain zuzen, huts egindako atentatuaren urtekoa. Francok hirian izandako harrera ikusten da, Kontxako traineru-estropaden irudiak ere bai, eta, azkenik, Beñardo Elduaien hondarribitarra bandera diktadorearen eskutik hartzen. Atentatuaren artikulu hartan ere gehitu dut bideoa, informazioa osoagoa izan dadin sarrera hartan.