2011/02/24

Mendi: pozik baina arduratuta

Donostiarraren aurredenboraldia zertan doan kontatzen digu Mendik klubaren webgunean argitaratu duten elkarrizketa honetan.

Taldearen prestakuntza ondo doala dio, etapa fisikoak gaindituz, eta taldearekin bat egin nahi izan duten arraunlariak etorri direlako ere gustura dago. Baina, era berean, nabari da buruhauste franko sortzen dizkiotela Donostiarra proiektuak dituen ezaugarri bereziek, hainbat eragozpen eta oztopo sortzen baitituzte eta, horregatik, klubak ezin baitu ahalik eta prestakuntzarik egokiena egin. Tira, nabaritu ez, zuzen-zuzenean esaten du hori Mendik: instalazioak, azpiegitura materialak, beste modalitateek klub historikoekin aritzeak sortzen dituen antolamendu arazoak, eta abar. Horrekin batera, ahalmen ekonomiko eskasa eta sonako arraunlariak erakarri ezina ere aipatzen ditu.

Ea aurreragoko elkarrizketa eta informazioetan berri gehiago jasotzen dugun plantillaren osaerari eta prestakuntzaren aurrerapenen inguruan

2011/02/20

2011ko plantilla: alta eta baja batzuk

Atzo, Oriako XVII. jaitsiera jokatu zen, eta Donostiarrako bi ontzi lehiatu ziren bertan. Aurreko mezuan esan bezala, ez dira estropada hauek udan ikusiko denari benetako neurria hartzeko onenak, baina, egia esan, Ligan lehian izango dituenen atzetik iritsi zen gure A ontzia, eta B ontzia ere hor nonbait; hona hemen emaitzak.

Aztertu behar den puntuetako bat plantillan taldeak izan(go) dituen gorabeherak dira. Eta, horretarako, Orion ikusi genuenarekin batera, KAE Ligako orrian, plantillen datuetan ikus ditzakegun berrikuntza batzuk ditugu argigarri. Dena dela, orri horretan jartzen duena kontuz hartzekoa da, dakigunaren edo uste dugunaren arabera gaizki egon daitekeelako daturen bat.

Orri horren arabera, A taldeko Kaskante, Lujanbio, Palenzuela, Ponce, Kintana eta Sistiaga ez dira Donostiarran izango 2011 urtean (bada zerbait). Luzuriaga (Txinpart) eta Kortadi, ordea, taldean agertzen dira, kontrakorik entzun genuen arren. B taldean, berriz, Iradi, Araujo eta Zubiri ez dira izango.

Datozenen artean, badirudi Jon Fidalgo patroia (Oriakoa bera zen ezta?) eta Hibai Fuente Donostiarrara bueltatu direla, Trintxerpetik Iban Viaga Donostiara itzuli da (aurreko izan zen atzo Orian), Xabier Zabala ("Bixkar" beteranoa) ere itzuli da, eta badirudi Hondarribiatik Oskar Artola etorri dela.

Gainerakoan mantendu egiten da plantillako blokearen zati handiena, eta hori da etorkizuneko bermerik onena. Berriro diot emandako datuok agian ez direla behin betikoak izango,edo akatsen bat izan daitekeela seguruenik, baina hortxe duzue orri horretan ikusi ahal izan dudana.

(Argazkia: CRO Orio AE)

2011/02/11

Otsaileko traineru-jaitsierak

Neguko entrenamendu gogorren monotonia nolabait hausteko-edo, denboraldiko lehen traineru-lehiak datoz, urtero bezala: Bidasoa eta Oriako jaitsierak.

Iaz Donostiarra horietan parte hartu gabe geratu zen, ez baitzen Hondarribikora joan, eta Oriokoa suspenditu egin baitzen, ditxosozko ziklogenesi hori zela eta ez zela.

Aurten berriz, Hondarribira traineru bat (EDITATUA: azkenean badirudi ez dela Donostiarra han izango) eta Oriako jaitsierara bi traineru bidaliko ditu Donostiako klubak. Bidasoakoa igande honetan, otsailaren 13an izango da, 11:00etan hasita; Oriokoa berriz, hurrengo larunbatean, otsailaren 19an, 15:30ean hasita.

Oso berri pozgarria da, era berean, ikustea Donostiako beteranoen bi ontzi izango direla jaitsiera horietan, Ur-Kirolak eta Fortuna klubekoak.

Jakina da oraindik oso goiz dela ondorio seriorik ateratzeko, eta klub bakoitzak bere kasara ekiten diela prestakuntza-estropada hauei, baina, hala ere, gure mutilek ze neurri eman dezaketen sumatzen hasteko aukera izan dezakegu. Eta nola ez, arraun-ikuskizun ederra gozatzeko aukera ere bai.