2011/01/24

1928: donostiarrei errieta kazetariak, futbola dela-eta

1928ko uztailean laugarren aldiz jarraian irabazi zuen Ur-Kirolakeko yolak Espainiako txapelketa, Lakoste, Ituarte, Alvarez eta Bikuña arraunlarien eta Beitia lemazainaren eskutik.

Txapelketa horren euskarazko kronika ederra irakur dezakezue ARGIAko 1928ko uztailaren 29ko alean: lehiaketaren inguruabarrak, sailkapenak, eta abar. Orrialde horretan bertan, aurreraxeago, Kontxako estropaden deialdia eta sariak (12.000 pezeta irabazlearentzat, garai hartan, alajaina) ere ikus ditzakegu.

Hala ere, kronika horretako bigarren zutabean agertzen den zerbait ekarri nahi dizuet hona. Askotan pentsa dezakegu azken urteotako presio mediatikoaren ondorio dela futbolak duen neurri gabeko arrakasta, eta garai batean horrela ez zela uste izateko tentazioa izan dezakegu. Ez da hala, baina. Badakigu Kontxak sekulako ikusmira sortzen zuela, baina hemen ikusiko dugunez, beste arraun modalitateekin ez zen horrela gertatzen. Kontuan izan behar dugu, era berean, 1928 urte horretan sortu zela Futbol Liga, eta, agian horregatik egongo zela kazetaria futbolarekin ("ostiko-jokoarekin") nazkatuta-edo.

Hona hemen zer dioen: "Goragarri, txalogarri dira, bada, Ur-Kirol'dar gazte kementsu auek. Donostiya'ko erriyak orrela ez duala ezagutzen dirudi: batere ajola etzaien bezela agertzen baitira donostiar geienak. Ostiko-jokoa dala ta eztala, erri guztia durduriz eta zalapartaka ikusi oi izan degu, eta orain, ostiko-jokoa baño mila aldiz maitegarriago ta atsegiñago zaigun arraunketa-kirol jatorrean nagusi ta España'ko txapeldun etorri zaizkigun donostiar Ur-Kirolak saillaren alde... ezertxo ere ez; ez txalorik, ez gorapenik mutill gazte kementsu ta jator auei. !Tira esnatu donostiar guztiak, ta eratu zerbait laugarren aldiz España'ko txapeldun azaldu zaizkigun donostiar gazte auen omenez! Gure txalo sutsuenak beretzat dira".

Jarraian, 1925ean ARGIAn bertan argitaratu zituzten bertso hauen bertsio berri osatu bat eskaintzen du. Lasai asko geratuko zen kazetaria! Eta ez zitzaion arrazoirik falta, ze arraio.

(Irudiak: ARGIA aldizkariko hemeroteka)

2011/01/17

2011/01/06

Bi ohar

Urte berri honetan, bestelako albisteen faltan, bi ohar jarri nahi nituzke blog honetan:

A) Entzun dudanez, Donostiako Auzoetako Jai Herrikoien Koordinadorak esker ona adieraziko dio Donostiarra klubari, kaleratu berri duen egutegian hiriko auzoetako datak seinalatzeko ideiarengatik. Entzundakoa egia bada, uste dut oso interesgarria dela klubaren eta hiriko agenteen artean sortzen diren horrelako interakzioak: klubak detalle bat izan du auzoko jaiekin, eta jaien antolatzaileek hori eskertzeko detallea izango dute. Horrela traineruak donostiar herritarrekin duen lotura eta herrian sustraitzeko prozesua egoki sendotzen dela iruditzen zait.

B) Adiskide batek eskatuta, aurreko blog-sarrerako irudi-mon
tajean agertzen diren argazkiak zer erakusten duten jarriko dut. Irudiak zenbakitu ditut, eta hona hemen azalpena:

1) Kontxa 1950ean irabazi zuten Esperanzako
arraunlariak. 2) Arraun Lagunakeko trainerua. 3) Kiriko patroi handia. 4) Ur-Kirolakeko trainerua. 5) 1920. hamarkadako Ur-Kirolakeko arraun mugikorreko arraunlariak, aitzindariak euskal arraunketa mugikorrean. 6) Luis Karril handia eta bere kuadrilla. 7) Donostiarrako arraunlari eta entrenatzaileak. 8) Fortunako emakumeak. 9) 1930. hamarkadako Amaikak-Bat elkarteko trainerua, Kontxan.

Azken batean, iraganean, orain eta etorkizu
nean... donostiarrak arraunean. Gora arrauna, eta gora Donostia!!!