2010/12/29

Donostiarraren 2011 egutegia

Donostiarra taldeak, Radio San Sebastian irratiarekin eta Urkatx arrandegiekin lankidetzan, 2011 urteko egutegia kaleratu berri du.
Iazko estropadetako hainbat argazki ageri dira (A eta B traineruenak), irudi ikusgarri eta dotoreak denak ere, arraunzale donostiarron etxeko edo laneko edozein txoko apaintzeko modukoak. Uste dut detalle polita dela gure taldearen irudiak nonahi agertzea Donostiako etxe eta lantokietan. Eta, gainera, parrandazaleak bazarete, oso egutegi praktikoa irudituko zaizue, Donostiako auzo guztietako festen datak zehaztuta ageri baitira.
Nik txiripaz izan dut egutegi honen berri, eta eskerrik asko abisatu didan adiskideari. Radio San Sebastian irratiko egoitza nagusian (Portuetxe pasealekua, 51) edo Urkatx arrandegietan (Madril hiribidea, 9; Secundino Esnaola, 20; Easo, 63; eta Egia, 6) duzue eskura egutegi hau, musu truk.

Joan, eskatu eta hartu besterik ez duzue egin behar. Nik behintzat hartua dut neronena. Korri zuek, agortu baino lehen!!!

2010/12/21

Eguberritan oparitu eta lagundu

Eguberritan, gogoarekin edo gogorik gabe opariak egin (eta jaso) beharra izan ohi dugu, ondotxo dakizuen bezala. Atseginez oparitzen (eta jasotzen) duzuenak, zorioneko zaudete; aparteko alderdi erakargarririk ikusten ez diogunok, ordea, horrenbestean konformatu beharko: kontra ezer gutxi egin liteke, eta bego beraz ohitura.

Hala ere, opari hauei nolabaiteko toke berezia emateko aukera dugu denok. Alferrikako kolonia, jostailu txepel edo ganora gabeko jantziez gainera, norberarentzat esanguratsua den zeozer oparitzeko aukera dugu (bakoitzak ikusiko du zer den hori). Eta noski, horrekin batera diruz laguntzatxo bat ematen bada, askoz hobeto.

Gure arraun taldeek edozein laguntza pozarren hartuko dute, dudarik gabe. Donostiarraren kasuan, hainbat diseinutako kamisetak, arraunerako "platanoak", estropuak, motxilak eta abar dituzue eskura. Gure-gurea den eta izan nahi duen talde baten opariak egitearekin batera, laguntzatxo bat emango diozue arraun-taldeari.
Horra hor nire proposamena.

PD: Donostiarrako arduradun adiskideak: hurrengo batean hobeto esplika itzazue loteria kontuak eskutitzean, nire familiako eta lagunarteko bazkideetatik bat bera ez baita guztiz aklaratu (ni ere ez). Eskerrak bat egoitzara joan eta han argibideak jaso zituen. ;)

2010/12/15

Ricardo Unzueta itzuli da Urkira

Iñaki Aranak, zazpi urteren ondoren, utzi egin du Ur-Kirolak klubeko lehendakari kargua. Haren ordez, lehenago lan horretan aritutako Ricardo Unzueta itzuliko da.

Irutxuloko HITZAk gaurko alean eskaintzen duen albistean ematen da horren berri. Hona hemen albistea bera, Iñaki Aranaren hitzak, eta Ricardo Unzuetarenak.

Interesgarriak dira klubaren ibilbideari buruz esaten dituztenak, aulki mugikorra berpizteko asmoak (aurten 8+ seniorra uretan izango omen da, eta Londresera joateko intentzioarekin gainera), Donostiarra traineruaren ingurukoak, beren lorpen eta huts-egiteak, eta abar...

Zorte on, Ricardo.

(Argazkia:irutxulo.hitza.info)

Arraunlari donostiar beteranoei omenaldia

Atzo Gipuzkoako Arraunketaren hamargarren Gala ospatu zen Anoetako Kirol etxean. Urtearen amaieran, arraunaren protagonistei omenaldiak edo gorazarre-aitorpenak egiteko egun berezia izan ohi da.

Aurtengoan, beste sarituen artean, Donostiarrari KAE-1 ligako talde gipuzkoar onenaren bandera eman zioten atzo.

Baina, nire ustez, arraunlari beteranoei eskainitako omenaldia izan zen aipagarriena. Askotan, donostiarrok ez dugu behar bezainbeste baloratzen eta gogoan hartzen Donostian (izan) duguna, eta eskertzekoa da hain justu Donostiatik egindako proposamenen ondorioz izandako atzoko detallea.

Batetik, Benito Elizalde, Eulogio Genoba, Juan Mari Lacoste eta Joxean Jauregi Arraun Lagunakeko beteranoak omendu zituzten. Arraun mugikorrean eta traineruan (Donostiatik kanpo askotan) ibilbide ikusgarriko kirolari handiak.

Eta bestetik, beteranoetan beteranoenak: duela 50 urte 1960ko Erromako Olinpiadetan aritu zen Ur-Kirolakeko zortzikoa (8+): Faustiano Amiano, Trinido Vaqueriza, Santiago Beitia, José Ibarburu, Iñaki Alkorta, J.M. Aristegi, Manolo Ibarburu, J.L. Almandoz, J.A. Almandoz eta Iñaki Egibar (hildako J.M. Leizeaga eta Javier Bela gogoan).

Bejondeiela denei!!

(Argazkia:diariovasco.com)

2010/12/09

Antonio Arzaken 1890eko Onentzaroko detallea

Hemendik gutxira Gabonak ditugu gure artean, eta, horren harira, arraunarekin zerikusia duen pasartetxo hau etorri zait gogora.

Dakizuen bezala, 1890eko abenduaren 2an arraunketaren historiako estropadarik garrantzitsuenetako bat jokatu zen: Luis Karril patroiaren gidaritzapean donostiarrek ondarrutarrei irabazitako desafio ospetsu hura. Pentsatzekoa den moduan, sekulako eupadak, ospakizunak, harrokeriak eta galtzetan pozaren pozez kabitu ezinak bizi izango ziren Donostiako kaleetan.

Hala ere, egoerari beste ikuspegi batetik begiratu zion ezkerrean duzuen Antonio Arzak idazle donostiarrak (1855-1904). Arzak beste donostiar guztien antzera poztu zen estropadaren emaitzarekin, eta gorazarrezko bertsoak ere idatzi zituen Luis Karril eta bere mutilentzat; baina, esan bezala, ikuspegia zabaldu eta galtzaileentzako nolabaiteko kupida ere izan zuen. Horrela, Itz bi Luis Karril eta bere mutillai izeneko idazkitxoa idatzi zuen.

Euskaldunen arteko anaitasuna goraipatu eta gero (Aita Mari ere gogora ekarrita), galtzaileen zoritxarra arintzeko deia egin zien gure arraunlariei eta haien familiartekoei, ikusiz Ondarroan sekulako hondamendia ekarri zuela desafio hark. Eskaera horretan arreta berezia jarri zuen galtzaileen umeengan, etortzear zen Gabon garaian (Onentzaro dio Arzakek)
jasan behar izango zuten eskasia are mingarriagoa zela pentsatuta. Merezi du testu guztia irakurtzea, baina nik, adibide gisa, honako hau kopiatuko dut hemen:

"
Ez da egiya, Luix, obeto egiñ lekiyokela kontra bendabal eta ekaitzik izugarriyenari, nexka gaxu orren malkuai baño? A!... Nik dakitana da, euskaldun guztiyak nobliak diralarik, ez dala iñor donostiarrari irabaziko diyonik biyotzaren samurtasunian, ez!; eta argatik uste det estropa-festa aundi aben errematerik ederrena izango litzakela zuen aurrak Ondarruako aurrai zerbait siñale egitia, guztiyok anaitzeko Jesus Aurra jaio zan egun artarako! Bai! Bizi gaitian elkar maiterik! Festa t’atsegiñ luzienak laburrak dira, kia bezela dijuaz, gurekiñ batian. Gaur bagera, bigar ez; urak edo lurrak laister iritsiko gaitu, eta utsa litzake emengo estropara guztiyak irabaztia, ango estropara galduko bagenu. Boga, mutillak, boga, zeru aldera!"

2010/12/02

Maialen Arrazolari elkarrizketa HITZAn

Gaurko Irutxuloko HITZAn, Maialen Arrazola arraunlari donostiarrari egindako elkarrizketa ageri da. Arraun Lagunak taldeko harrobian hasitako arraunlari hau Hondarribiako klubean dabil gaur egun, aulki mugikorrean bereziki, eta Espainiako selekzioarekin aritzeko ere hautatu dute. Munduko txapelketan aritua da duela gutxi.

Bere kirol-ibilbidearen hainbat alderdi komentatzen ditu elkarrizketan: nola hasi zen arraunean, nola joan zen Hondarribia aldera, selekzioan izan duen ibilbidea, Munduko Txapelketa, Joko Olinpikoak, eta abar. Aipagarria da emakumeak arraunaren elitean (Kontxan eta Eusko Tren ligan) hasteko moduari egiten dion kritika: "etxea teilatutik egiten hasi garela iruditzen zait".

Pena da horrelako arraunlari bikainak etxean mantentzeko adina baliabide ez izatea Donostian. Bitartean, bere hitzekin konformatu beharko dugu.