2010/11/15

Azaroaren 22an hasiko dira entrenamenduak

Donostiarra klubeko webgunean esaten denez, datorren astelehenean, azaroaren 22an, hasiko dira denboraldi honetako entrenamenduak.

Aspaldiko desioa da udazken garaiko prestaketa-saioak egiteko garaiz hastea, denboraldia behar bezala prestatu ahal izateko. Badirudi aurten izango duela Mendik horretarako aukera.

Plantilla oraindik itxita ez dagoen arren, iazko taldearen gehiengoa konfirmatuta dago, eta hogeitamar arraunlari inguru hasiko dira datorren astean.

Beno, baten bat lehenago hasia da bere kasa entrenatzen, argazkian ikus daitekeen bezala.

(Argazkia: kaiarribadonostiarra.com)

2010/11/10

Donostiarraren egoitza olatuek txikitua

Egun hauetan Euskal Herriko kosta gogor zigortzen ari den ekaitzak ondorio eta triskantza latzak eragin ditu Donostian. Horrelako ekaitzetan kaltetuta gertatzen diren lekuen artean Salamanka pasealekuko eraikinak izan ohi dira. Eta hortxe dago Donostiarrak inauguratu berri duen egoitza berria: Salamanka pasealekua, 13.

Beraz, eta ekaitzak eragindakoa ikusita, espero zitekeen egoitza horrek txikizioak izatea. Eta hala izan da, tamalez. Olatu erraldoiek kristalak eta ate-leihoak puskatu, ura barrura sartu eta barruan zegoena hondatuta geratu da. Webgunean bertan jakinarazi du klubak horren berri, eta hemen jarri ditudan argazki hauek eskaini ditu.

Gertakari tristea izateaz gainera, esan behar da lokal hori handitzeko eta egokitzeko obretan zegoela, eta, horregatik, nolabait bikoitza dela eragindako txikizioa.

Laster konpondu daitezela puskatutakoak, eta animo, bada, klubeko denei.

(Argazkia:kaiarribadonostiarra.com)

2010/11/05

Indoor Arrauneko XII. Herri Txapelketa

Irutxuloko HITZAn jakinarazi denez, datorren azaroaren 20an, Benta Berriko kiroldegian Indoor Arrauneko XII. Herri Txapelketa jokatuko dute, 14:00etan. Lehian parte hartzeko izen ematea zabalik dago dagoeneko eta edonork parte har dezake bertan.
Izen ematea datorren ostegunean itxiko dute, azaroaren 11n, eta web orri honetan egin behar da: www.vermontC2.com/regata2010

Maialen Arrazola donostiarra, 12. Munduko Txapelketan

Maialen Arrazola 12. sailkatu da, 2X kategorian, Zeelanda Berrian jokatzen ari den Munduko Arraun Txapelketan.

Orain arraunean Hondarribian ari bada ere, Donostia Arraun Lagunak taldeko harrobikoa dugu arraunlari donostiar hau.

Bejondeiola!

2010/11/04

Donostiarran estropuak salgai

Hango eta hemengo arraunzaleen artean ohitura hedatua da estropuak apaingarri edo oroigarri modura erabiltzea. Tipikoa da kotxeen barruko atzerako ispilutik zintzilik ezartzea, klubaren koloreko zintekin apaindua. Haiekin batera eskapularioak zintzilikatzen dituenik ere bada. Eta ez hor bakarrik, joan den astean kostatik kilometro askotara dagoen Nafarroako ostatu batean ikusi berri dut horrelako estropu bat, apaingarri.

Donostiarrak ere ohitura hori indartu nahi du Donostiako arraunzaleon artean, eta argazkian agertzen denaren moduko estropuak jarri ditu salgai. Kolore txuriurdinekoak dira eta bi muturrak elkartzen diren gunean klubaren ikurra du (argazkian ez da ikurra ikusten, buruz behera jarrita zegoelako estropua argazkia egin nuenean).

Kotxean zintzilikatzeko, etxean edo lanean gure traineruaren oroigarria izateko, besterik gabe klubari laguntza adierazteko, edo zer dakit, Gabonetako oparien apaingarri gisa erabiltzeko... nahi duzun bezala erabiltzeko, hortxe dituzu klubaren egoitzan (Salamanca pasealekua, 13, larunbat eguerditan) salgai.

Detalle polita iruditu zait niri behintzat.

Iñaki Arana HITZArekin solasean

Joan den asteko sarrera honetan esaten zenez, Aldundiak 10 urtez luzatu dio Ur-Kirolaki Loiolako egoitza erabiltzeko baimena. Albiste hori haritzat hartuta, Iñaki Arana presidentearekin solasean aritu da Irutxuloko HITZA gaurko alean.

Egoitzaren kontuaz aparte, Urumea ibaiaren egoera tamalgarria eta bidegorri berriak sortzen dituen eragozpenak aipatu ditu Aranak. Kirol arloan 45 arraunlari dituztela dio, eta berriro ere dei egin die emakumeei: 2 bakarrik batu omen dira arraunera.

Bestalde, Batzar Orokorra egingo du Urkik azaroan, eta presidente berria aukeratuko dute, Iñaki Arana kargua uztekotan omen da-eta.

(Argazkia: irutxulokohitza.info)