2010/09/21

Goitia presidentearen gogoeta

Donostiarraren webgunean argitaratu berri duten elkarrizketa honetan Alberto Goitiak, klubeko presidenteak, aurtengo denboraldiari eta etorkizunari buruzko gogoeta egiten du.

Taldeak aurten urrats bat eman duela dio, azpiegiturak sendotu direla, eta guztiz eskertzekoa eta garrantzitsua dela instituzionalki bakea lortzeko Donostiako klub historikoek egindako ahalegina, baita udalak emandako laguntza ere.

Horrekin batera, etorkizunari begira Mendi izango da proiektuaren euskarri nagusi; aurten ondo ibili den taldea mantentzea izango da oinarria, lanari jarraipena emateko, eta hortik aurrera proiektuaren erakarmenaz baliatuz (diru askorik ez baitago fitxaketeterako) taldera batu nahi dutenen ekarpena ongi etorria izango da betiere. Eta funtsezkoa, taldea lehenbailehen eratzea, denboraldi honetan udazken-neguetako lanak behar bezala egin ahal ditzan behingoz entrenatzaileak.

2010/09/14

Donostiarra 2010eko Kontxako bigarren jardunaldian

Aurreko igandean esan nuen bezala, berriro ere esan behar dut aipagarria izan zela donostiar arraunzaleek Donostiarrari emandako babesa, bai leiho-balkoietan banderak zintzilikatuz, bai soinean kamisetak jarrita.

Zinez uste dut Kontxako Banderaren aurtengo edizioa inflexio-puntu bat izan dela klubaren eta Donostiako traineru bateratuaren sendotze-prozesuan. Iruditzen zait aurten lehen aldiz ikusi dela argi eta garbi donostiarrek bere egin dituztela traineru hau eta talde hau. Donostiako arrauna maite dutenen traineru bihurtzen ari da Donostiarra. Horixe zen helburua, eta ematen du lortzen ari dela; aurten horixe iruditu zait behintzat. Alde horretatik, urrats garrantzitsua.
Kirol-emaitzen aldetik (hona hemen edizio honetako denborak eta bestelako datuak), bigarren jardunaldian itxura bikaina erakutsi zuen Donostiarrak. Estropadaren lehen herena Pedreñaren pare ibili zen, eta besteengandik ez oso urruti. Hala zebiltzala ikusita, azkeneraino dena ematen jardun zuten gure mutilek eta, nire iritziz, oso emaitza ona lortu zuten: Pedreña 26 segundo eskasera izan zuten, Astillero eta Hondarribia 40 segundora, eta ez San Juanek eta ez Kaiku indartsuak ez zioten minutua atera Donostiarrari (20:46,40). Beste kontu bat izan zen Oriorena, horiek arraunean baino gehiago surfean ibili zirela zirudien-eta, itzulerako luze eder horretan.
Pentsa liteke Kontxa honetan erakutsi duela Donostiarrak baduela nahikoa oinarri etorkizunari behar bezala aurre egiteko. Orain, ea blokea mantentzen den eta ea behingoz udazken eta neguko lana behar bezala egiten den, aparteko arazo eta eragozpenik gabe. Eta geroak esan beza gerokoa...

2010/09/10

Neskei deia Ur-Kirolakek, HITZAn

Iaz emakumezkoen trainerua uretaratu zuen Ur-Kirolakek Kontxako banderan, lehen aldiz. Donostiako emakumeek Kontxan eduki duten lehen ordezkaritza izan zen iazkoa. Hala ere, aurtengoan ezin izan dute taldea osatu, eta, tamalez, ez da Donostiako ontzirik izango bandera garrantzitsuenaren lehian.

Horregatik, Donostiako neska kirolzaleei Ur-Kirolakera joan eta arraunean aritzeko proba egin dezatela dei egin die Iñaki Arana presidenteak, ez baitute aurtengo 'hutsune donostiar' hau hurrengo urtean ere gerta dadin.

Irutxuloko HITZAk Kontxako Banderari eskainitako gehigarri berezian ikus dezakegu hori. Gehigarri horretan, Ur-Kirolaki buruzko albiste horrez gain, Unai Luzuriaga "Txinpart" arraunlariari egindako elkarrizketa mamitsua (agur usaina ere igarri diot, tamalez) eta Kontxako Banderaren historian izandako garaipen-boladak jorratzen dituen artikulua ere baditugu, besteak beste.

Berriro ere, arraunari tarte bikaina eskaintzen dio gure hiriko egunkari honek. Eta, badakizue, neskak, anima zaitezte!

2010/09/07

Donostiarrak egoitza berria izango du

Donostiarra klubak, sortu zenean, Ur-Kirolak eta Arraun Lagunak taldeek Kaiarriban zituzten sotoetan ezarri zuen bere helbide soziala. Besterik ezean egin behar izan zuen hautu hori, nonbaitetik hasi beharra zegoela-eta. Dena dela, ez zirudien lekurik egokiena gauzak kudeatzeko egoitza modura, traineruak eta arraunak gordetzeko sotoak besterik ez baitziren azken batean. Baina ez zen aparteko baliabiderik klubean behar horri aurre egiteko, eta pentsatzen dut izango zituztela buruhauste handiagoak garai hartan, egoitza itxuroso bat lortzekoaren aurretik.

Gerora, goiko argazkian duzuen Bretxako denda ireki zen, antzinako Arrandegiko eraikin zaharrean, zinema-aretoen aurrez aurre. Bereziki ikuspegi komertzialarekin irekitako lokala izan zela iruditzen zait: kamisetak, banderak eta bestelako produktuak saltzeko leku gisa eratu zen, bazkide izateko orriak jasotzeko eta beste zeregin batzuetarako behin-behineko egoitza bezala ere erabili izan den arren.

Hala ere, pentsatzekoa zen egoitza formal baten beharra bazuela klubak. Eta hara, klubaren webgunean gaur adierazi denez, datorren ostegunean inauguratuko da klubaren egoitza berria. Ez nolanahikoa gainera. Alboko bi argazki hauetan agertzen dena duzue.

Salamanka Pasealekuko 13. zenbakian dago, Miramar eraikinean, klubaren izaeraren funtsa den Kantauri itsasoari begira. Gure traineru eta arraunlariei bezalaxe, ez zaio kresalari aurre egin beharra faltako egoitza berriari. Gaur bertan izan naiz bertan bistadizo bat ematen eta kanpotik behintzat itxura txukuna du; jantziz, argazki zaharrez eta garaikurrez dotore apainduta ere ageri da erakusleihoa. Kanpoko itxuraren partez, barruan taldearen arduradunek egingo dutenak izango du, ordea, garrantzia.

Beste urrats bat kluba sendotzeko bidean. Ni behintzat bidelagun izango naute. Ea asko biltzen garen.

2010/09/06

Donostiarra 2010ko Kontxako lehen jardunaldian



Traineruak zer egin duen komentatu aurretik, zeozer esan nahiko nuke kolore zuri donostiarraren inguruan. Pozgarria izan zen ikustea kaian Donostiarraren bandera ugari zeudela zintzilik, eta, era berean, aipagarria iruditu zitzaidan zale asko eta asko zeudela gure klubaren kamisetarekin jantzita. Uste dut ezin ukatuzkoa dela urtez urte goraka doala klubaren kolorez jantzeko animatzen den pertsona kopurua. Proiektua hein batean sustraitzen ari den seinale.
Alabaina, pentsatzen dut, eta zinez triste esan behar dut hau, animo eta arnas eskasa ematen diegula gure traineruari eta arraunlariei. Egia da Kaiarribako sototik arranplara bidean gure mutilek txaloak jaso zituztela donostiar arraunzaleen eskutik, beste guztiek bezalaxe, baina arranplako ur-ertzean, trainerua uretaratzen ari zirenean, beste taldeek samalda koloretsua ondoan izaten duten unean, oso lagun gutxi zeuden bertan, Donostiarrako kamiseta jantzita, beren animoak emateko. Eta berdin lehorreratzean.

Badakit bakoitzak nahi duena animatzeko eta nahi duen klubeko zale izateko eskubidea duela, nola ez, baina Donostiako pertsona asko ikusi nituen atzo beste taldeetako kolorez jantzita, baita donostiar 'ospetsu' zenbait ere... Klub hau (eta bere proiektua) gure sentitzen ez badugu donostiarrok, eta sentitzen dugunok ez badiogu horren berri ematen taldeari, arraunlariak zuzenean animatuz adibidez, jai izango dugu, eta alferrik izango dira gero traineruaren errendimendua hobea izateko desioak (burlak eta gusto txarreko komentarioak ez direnean).
Bestalde, nire txalorik beroenak Donostiarrak kaian jarri zuen "tabernatxoan", dendan eta hegaluxe-mokaduen salmentan eguzkipean aritu ziren direktibo, arraunlari eta bestelako laguntzaileei. Denak estropadaz gozatzen eta haiek hor lanean. Ederra hegaluzea, egia esan behar bada!!!

Kirol arloari dagokionean, zer esan. Aurrena, esan behar da, azken jardunaldietan ikusitakoa berretsiz, Lugañene zaharrarekin aritu zirela donostiarrak. Iazko denbora bertsuak egin zituzten, bai irabazleak (Kaikuk, 19:12,66) eta bai Donostiarrak, 20:20,52. Denboraldiaren berri izan duenak, eta talde gisa funtzionatzeko izan dituzten arazoak ezagutzen dituenak bazekien gutxi gorabehera denbora horretan ibiliko zirela (1:07 atzetik, iaz baino 5 hobeto), nahiz eta minututik jaisteko grina hori hor dagoen. Dena dela, ez da berri txarra Orio, Pedreña, Astillero eta Hondarribia 50 segundo baino gutxiagora edukitzea. Gainera, itzulerako luzea oso ona egin zuten denek (Hondarribiak adibidez 3 segundo eskas galdu zituen Kaikurekin luze horretan), eta hor ere gehiago urrundu ziren tarte txikiagoa lortzeko gure aukerak.

Ea datorren astean gutxienez atzokoa egiten duten, eta hobetzerik balego, primeran. Iaz zertxobait behera egin zuten gurrek bigarren igandean. Animo bada, arraunlariak, eutsi goiari.
Eta zuek, arraunzaleak, jarri banderak balkoietan, jantzi kamisetak, eta joan arraunlariak zuzenean animatzera, kontxo!!!

(Argazkia: diariovasco.com)

2010/09/03

Kontxari buruzko webgune onena

Kontxako banderaren lehen ekitaldia (sailkatzeko estropada) izan genuen atzo, ezusteko nabarmenak eta itsasoko arraunketa-erakustaldi ederrak gozatzeko aukera emanez gainera.
Datozen bi igandeetan, "benetako" bi estropadak izango ditugu, eta historiara pasatuko diren datu ugari ikusi, entzun eta biziko ditugu. Urtero halaxe geratzen baita.

Urtez urte metatuz joan diren datu horiek kontsultatzeko gogoa ere izan ohi du askotan arraunzaleak: zer gertatu zen 1983ko edizio hartan? zein urtetan irabazi zion Oriok Lasarte-Michelini? zein izan zen lehen edizioaren irabazlea? Horiei eta beste galdera gehiagori erantzuna emateko ezagutzen dudan webgune onena aurkeztu nahi dizuet gaurkoan, nahiz eta askok ezaguna izango duzuen honezkero. Blog honen eskuinaldean, Arraunaren Inguruko Webguneak atalean agertzen den lehen estekan daukazue: Kontxako Banderaren historiala. Aspaldiko datu okerrak baztertuz, Rafael Aguirre Francok plazaratu zituen datu zuzenak biltzen dira bertan (bai baita oraindik 1879ko lehen edizioan Pasaiako Avantek irabazi zuela dioen datu-bilduma edo irabazle-zerrendarik).

Hainbat informazio aurkituko duzue bertan: urteak aukeratzeko orri nagusia, herri bakoitzak irabazitako banderen kopurua, urte guztietako irabazleen zerrenda, eta, nola ez, urte bakoitzeko datuak. Hona hemen, adibide gisa, 1896, 1922, 1939, 1956 edo 1989ri buruzko orriak. Sarrera honen irudian ikusiko duzuen moduan, bideoak ere eskaintzen dira urte askotan; berde argiz markatuta dituzue urte horiek orri nagusian.

Besterik ez, bada, hortxe dago datu-festa, horrekin gozatu nahi duenarentzat. Eta zorte on zortzi traineruei Kontxan!!!