2010/07/28

Unai Luzuriaga "Txinpart" Donostiarraren webgunean

Donostiarra klubaren webguneak eskaintzen duen informazioaren artean, Unai Luzuriaga "Txinpart" arraunlari beteranoari egiten zaion elkarrizketa hau gehitu dute gaur.

Kirol-ibilbide luzeko arraunlari donostiar honek hainbat gauza komentatzen ditu, eta irakurtzea gomendatzen dizuet. Hona ideia nagusiak: pixka bat goraxeago egotea espero zuten; maila oneko arraunlariak daude klubean, baina oraindik talde modura guztiz bateratu gabe daude, eta plantillari eutsiz gero (garrantzitsua da hori), datorren urtean pauso nabarmena emango luke traineruak arlo horretan. Bere kirol-bizitzako azken urratsak etxean emateko asmoz itzuli da Donostiara, traineru bateratuaren proiektuan beti sinetsi izan duelako, eta esperientzia zabalarekin eskain dezakeen laguntza emateko prest.

Oso arraunlari kuttuna izan dut Unai Luzuriaga betidanik; adiskide ez banaiz ere, txikitatik ezagutzen dut, eta pertsona ezin jatorragoa izateaz gainera, arraunlari izugarria eta langilea iruditu izan zait beti. Edozein giza talderentzako funtsezkoa. Traineru bateratuaren proiektua gauzatu zenean, ezinbesteko pieza izan behar zuela pentsatu nuen, dudarik gabe gainera, eta guztiz poztu nintzen aurten itzuli zela jakitean. Urtero denboraldia amaitzen denean trasteak utzi eta erretiratzeko gogoa zinez ulertzen badut ere, espero dut oraindik ere puska batean arituko dela tostan jo ta fuego, Donostiako arraunaren etorkizunari arnas ematen.

PD: Norbaitek esan diezaiola KAE Ligari Unairen fitxan agertzen den adina ez dela zuzena. Mirari bat litzateke 53 urterekin duen sasoia izatea. :)

2010/07/23

TKE Ligako ordezkari donostiarrak

TKE Ligara igotzeko asmoa eta helburua du Donostiako ordezkari zuzena den Donostiarra traineruak. Hala ere, hori noiz gertatuko zain, sutsuki zain, gauden bitartean, ezin dugu ahaztu badirela arraunlari donostiarrak TKE Ligan dabiltzan beste ontzietako tostetan. Hamabi dira arraunlari horiek, eta ez nolanahiko arraunlariak gainera.

Horra: Gabi Larrinaga, Iñaki Arrieta, Loren Jauregi, Iker Aranburu eta Lander Larrauri, San Pedron; Axier Kolina, Haritz Etxebeste eta Fernando Balentziaga, Orion; David Sainz, Alain Osanbela eta Ion Piñeiro, San Juanen; eta Asier Etxebeste, Castron.

Gai horixe jorratu du Irutxuloko HITZA egunkariko Itzurun gehigarriak bere gaurko alean. Elkarrizketa egiten zaie arraunlari horiei, eta aurtengo denboraldian egindakoari eta egitea espero dutenari buruz mintzo zaizkigu.

Guztiz artikulu interesgarria; eta, beste behin ere, aipagarria eta eskertzekoa da Irutxuloko HITZAk arraunari eskaintzen dion tarte mamitsua.

2010/07/21

Donostiarra zazpigarren Gipuzkoako txapelketan

Donostiarrak zazpigarren postua lortu du, gaur etxean, Kontxan, jokatu den Gipuzkoako Traineru Txapelketan. Badirudi Donostiarrari asko gustatzen zaiola postu hori, orain arte jokatu dituen lau txapelketetan (hiru Gipuzkoakoak, eta bat Euskadikoa) postu berbera lortu baitu. Eta ez da ahaztu behar KAE Ligako aurreko bi denboraldietan ere zazpigarren geratu dela.

Espero dezagun laster hautsiko dela joera hori, postu hobeagoak lortuz. Hona hemen gaurko denborak:

1 HONDARRIBIA 20:05,68
2 SAN JUAN 20:09,00
3 ORIO 20:26,40
4 ZUMAIA 20:54,12
5 SAN PEDRO 20:59,88
6 ZARAUTZ 21:07,74
7 DONOSTIARRA 21:28,46
8 GETARIA 21:48,82
9 TRINTXERPE 21:51,00
10 HIBAIKA 22:30,54

Felix Erdozia hil da

Gipuzkoako Arraun Federakuntzak bidalitako ohar baten bidez jakinarazi da Felix Erdozia Martiarena hil berri dela, 95 urte zituela.

Urtetan Ur-Kirolak taldeko arraunlari izandakoa, gero talde horretako entrenatzaile izan zen, baita klubeko presidentea ere 1949 eta 1971 bitartean. Gerora, 1971 eta 1984 bitartean, Espainiako Arraun Federazioaren presidente ere izan zen. Seguruenik, bera izan zen arraunketa olinpikoa indartzen ahalegin handiena egin zutenetako bat.
Besarkada bat arraun munduko pertsona garrantzitsu honen senitarteko eta adiskide guztiei.

(Argazkia: Felix Erdozia, berari egindako omenaldi batean, Lasurtegi eta Climent arraunlarien artean: diariovasco.com).

2010/07/18

Martin Berasategik Donostiarraren propaganda ETBn

Aspalditik ezaguna da Martin Berasategi sukaldari handia xaltxa guztietan ibili zalea dela. Lan isil asko egina da Martin, dudarik gabe, baina jendaurreko plaza zaratatsuetan agertzea oso gustukoa duela ere ezin uka.

Kontua da uztailaren 15ean berriro ere telebistan agertu zela, beste sukaldari famatu baten programan, hain zuzen: David de Jorgek aurkezten duen Robin Food programan.

Eta hara non agertu zitzaigun Donostiarra traineruko bandera atzean zuela, lepoan zapia jarrita, eta mahai gainean zapia eta txanoa, denak ere klubaren ikurrarekin. David de Jorgek ere lepoan du zapia. Traineruari arnas ematera deitu zituen arraun zaletuak, eta txiki-txikitatik ezagunak dituen klubeko arduradunak goraipatu zituen (Joserra Mendizabal, Mendi, eta Joxan Jauregi bereziki, Parte Zaharrekoak izaki, Martin bezalaxe).

Kuriosoa egin zait horrelako programa batera joatean Berasategik izan duen okurrentzia edo detallea; baina traineruaren oihartzun mediatikoa eta taldearen sozializazioa indartzeko balio badu, bejondeiola Martini.

Programa osoa ikusi nahi duenak, hemen du aukera (1:20 - 2:50 minutuan egiten du "propaganda"), eta mendrezka ezin goxoagoa egiteko jarraibideak ere ikasiko ditu, bide batez. On egin!

2010/07/15

Mendiren gogoeta Donostiarraren webgunean









Badira aste batzuk Donostiarra klubaren webgunea martxan dabilela. Informazio interesgarri asko eskaintzen du, eta albiste eta gogoeta eguneratuak ere bai. Oraintsu, bideoak eskaintzen dituen atala gehitu dutela ikusi dut. Hobetzeko alderdi batzuk ere badituen arren, hori komentatzea agian beste egun baterako utziko dugu.

Oraingoan, Jose Ramon Mendizabal, Mendi, Donostiarrako entrenatzaileak egindako analisi bat eskaintzen digu webguneak. Lehen bost jardunaldi hauen ondoren gertatutakoaz eta denboraldi honetan traineru donostiarrarekin espero dezakegunaz mintzo da Mendi. Uste dut interesgarria dela eta esperantzarako bidea ere ematen digula donostiar arraunzaleoi, banderak lortzeko aukera ere ez baitu baztertzen. Ligarako, ideia nagusi bat du Mendik: erregulartasuna da gakoa eta Elantxobeko hankasartzea ezin da errepikatu. Hala bedi.

Beste webgune batean ere kolaboratzaile moduan artikuluak idazten ditu Mendik. Impulsofijo izeneko webgunean KAE-1 ligari buruzko iritziak plazaratzen ditu bere atal berezian. Arraun munduko kirolari, entrenatzaile eta kazetari interesgarrien lankidetza lortu dute Impulsofijoko arduradunek; zorionak haiei.

2010/07/14

Donostiarrako arraunlariak Kaiko jaietako txupinazoan

Asteburu honetan, Donostiako Kaiko Karmengo jaiak (eskuineko Karramarro sinpatiko hori ikurtzat duten jaiak) ospatuko dira.

Osteguna, uztailaren 15a, izango da jaien lehenengo eguna. Hasiera-ekitaldi nagusia, egun horretako iluntzean, 20:30ean, botako den txupinazoa izango da. Eta Donostiarra traineruko arraunlariek izango dute txupinazo horretako etxafuegoa pizteko ardura eta ohorea.

Ondo pasa Kaieko jaietan!!

2010/07/04

Xabier Zabala "Bixkar"

Irutxuloko HITZAk ostiraletan kaleratu ohi duen ITZURUN gehigarriko aste honetako alean, Xabier Zabala Bixkar arraunlari eta entrenatzaile donostiarrari egin diote elkarrizketa.

Xabier Zabala (hona hemen KAE Ligan duen fitxa) Ur-Kirolakeko arraunlari eta entrenatzaile izandakoa da ("Nire bihotzeko kluba Urki da" dio elkarrizketan), eta hainbat talde eta klubetan egin du arraun bere kirol-ibilbidean. Azken urteetan Hernanin dabil, gaztetxoekin lanean bereziki, hango arraun-tradizioa berreskuratu eta sendotu nahian. Kirol arloan dituen buruhausteez gainera, AHTko obrek egoitzarik gabe utziko dituen kezkari ere egin beharko dio aurre. Arraunlari gisa, berriz, San Pedron arituko da aurten, gero erretiratzeko asmoa badu ere.

Artikulu mamitsua da, eta guztiz gomendagarria, hango eta hemengo arraunari buruzko gauzak jakin nahi dituenarentzat. Donostian arraunak duen egoerari buruz (harrobiaren inguruan batez ere) esaten duena ere aipagarria iruditzen zait: "Bai Urkin eta bai Arraunen dominak lortzera iritsi ginen talde asko egon ginen. Orain, ordea, badira urte batzuk beheko mailetan emaitza onik lortzen ez dutela. Kategoria txikietako lana nahiko utzia dagoela iruditzen zait".