2010/03/28

Donostiarren emaitzak Tamesisen


Aurreko sarreran esan bezala, Tamesiseko Head of the River Race estropada jokatu da asteburu honetan. Hemen dituzue lau 8+ ontzi donostiarren emaitzak (azpimarratzekoa Arrauneko beteranoek lortutakoa: 9.ak beteranoen sailkapen orokorrean, eta lehenak VC adin-kategorian).

SENIOR kategorian:
1. Molesey 17:21,76
4. Astillero 17:42,88
19. Orio 18:08,67
20. Hondarribia 18:08,94
106. Donostia Arraun Lagunak 18:49,34
134. Santiagotarrak 18:58,20

Hau da donostiar seniorren tripulazioa, ordezkoak barne: Ander Iriarte, Ekain Iriarte, Patxi Olabe, Telmo Yurramendi, Nikolas Yurramendi, Aitor Aranegi, Oier Yurramendi, Jon Krutxaga, Ander Iñiguez, Xabier Agirre eta Alberto Domingo; lemazaina, Xabier Cano.

BETERANOEN kategorian (Vesta Veterans' Head of the River):
1. Taurus VA 13:28,41
9. Donostia Arraun Lagunak VC 13:55,01
66. Ur-Kirolak VB 14:44,12
85. Ur-Kirolak VD 15:00,24

Emaitza eta denbora guztiak hemen aurkituko dituzue: senior kategoriakoak hemen eta beteranoen kategoriakoak hemen. Argazkiak ikusi nahi gero, hona hemen Arraun Lagunak taldeko seniorrak, eta, beteranoetan berriz, hemen UrKirolak VB, hemen UrKirolak VD, eta hemen Arraun Lagunak VC.

2010/03/24

Urki eta Arraun, Tamesisera

Asteburu honetan, martxoaren 27 eta 28an, Head of The River estropada ospetsua jokatuko da Londresen, Tamesis ibaiko uretan. Iaz Ur-Kirolak bakarrik aritu zen, donostiarren partetik, proba horretan, guztira hiru 8+ ontzi: emakumezkoen ontzi bat aurkeztu zuten, eta beteranoz osatutako beste bi ontzi. Aurtengo saioan, bina 8+ aurkeztuko dituzte bai Ur-Kirolak bai Donostia Arraun Lagunak taldeek.

Ur-Kirolakek, iaz bezala, beteranoen bi zortziko eramango ditu Londres aldera. Talde bat bestea baino beteranoagoa da; tripulazio batekoak 53 urte ingurukoak dira, eta bestekoek, berriz, 36 urteko batez bestekoa dute.

Donostia Arraun Lagunakek senior talde bat izango du Tamesiseko uretan. Ontzi gaztea da, 23 urte inguru dituzte, eta beren entrenamenduak tartekatu egin behar izaten dituzte Donostiarra traineruan egiten dituztenekin. Beste zortzikoa beteranoena da; garai batean Munduko Txapeldun izandako arraunlariak dituzte, eta iaz beterano kategoriako txapelketa ugari irabazi zituzten.

Honen guztiaren berri xeheagoa duzue Irutxuloko HITZAko albiste honetan. Zorte on Londresera doazen donostiar guztiei.

(Argazkia: irutxulo.info)

2010/03/20

Posterrerako argazkia

Atzo, Nautiko eraikinaren ondoan egin duten terraza berrian bildu ziren Donostiarrako entrenatzailea, Mendi, eta taldeak gaur egun plantillan dituen 36 arraunlariak. Haien aurrean, klubak dituen bi traineruak eta beren arraunak ere apain eta txukun kokatu zituzten.

Arrazoia? Argazkian dotore ateratzea. Izan ere, Donostiarraren 2010eko poster ofizialerako argazkia atera zuten, Donostiako kaiko leku horretan. Traineru eta arraunak, ondoan arraunlariak, eta atzean Kontxa; ez dut uste askorik egin beharko duenik argazkilariak irudi ederra lortzeko.

Aurten posterra izango dela jakitea berri pozgarria da behintzat, taldea gizartean ikusgai egiteko bide xume baina egokia baita, nire ustez.

(Argazkia: diariovasco.com)

2010/03/16

Gora Arraunak eta Donostia


Askotan iruditzen zait donostiarrok ez dugula gure arraunketaren historia behar bezala ezagutzen, eta klitxe huts batzuetan erortzen garela geronen nondik-norakoak ezartzerakoan. Horixe bera pentsatu nuen jmazkue arraunzale bikainak Youtubera igotako bideo batzuk ikusi ondoren.
Seguruenik, Todoremo foroko helbide honetan esteka edo loturak jarri zirenean izango zenuten bideo horien berri: ETBk 1987an emititutako Gora Arraunak dokumentalaren 5 kapituluak dira, hiruna ataletan eskainiak. Hala ere, inor balego han ikusi ez zituenik, hemen gomendatu nahi nituzke, arrauna maite duen edonorentzat sail paregabea baita. Eta, Donostiako gaira hertsiki ekarriz, arreta berezia merezi dute bigarren kapituluko bigarren atalak eta azken (bosgarren) kapituluko lehen atalak.

Gomendatutako lehenean, Ur-Kirolak klubak arraunketa olinpikoaren euskal historian izan zuen funtsezko garrantzia azaltzen eta azpimarratzen da; bestean, Donostiak traineruen historian izandako pisu nabarmena jorratzen du (Kontxa, Luis Karril, Kiriko, Soterotxo, Esperanza... eta ondorengo zatiketa ere bai, noski).

Zinez uste dut merezi duela. Eta eskerrik beroenak, berriro ere, jmazkueri.

2010/03/10

Blogak urte 1 bete du

Aste honetan bertan, bere ibilbideko lehen urtea betetzen du Tornozulotik (Donostiarrak arraunean) blogak. Horra Tornozulo, ezkerreko argazkian.
Duela 12 hilabete esan nuen moduan, blog honek ez zuen aparteko pretentsiorik: Donostiako arraunaren inguruan sor litezkeen berriak bitakora moduan biltzea besterik ez, erreferentzia xume bat izan zedin donostiar arraunzaleentzat. Ez dakit nire asmo hori behar bezala betetzen asmatu dudan, baina kontua da 6.500 bisita inguru bildu dituela blogak urte honetan. Bisiten eta erabiltzaile desberdinen batez bestekoak aterata, egunero 18 bisita inguru izaten ditu leku honek, eta 11-12 erabiltzaile desberdin sartzen dira, zeozerren bila. Batzuetan zerbait aurkitzen duten seinale, espero dut. Nire eskerrik bero-bero eta zinezkoenak horiek denentzat!!

Irakurle anonimo horien ondoan, ez nuke aipatu gabe utzi nahi Irutxuloko HITZA egunkaria, irakurle ez-anonimo izateaz gainera eta Donostiako arraunari leku eta dedikazio ezin hobea emateaz gainera, blog hau eta blogari hau ere bere orrietan hizpide izan baitira (birritan gainera). Mila esker HITZAri ere. Bai eta estropa.net webguneko arduradunei ere, beti laguntzeko prest izanik, arraunaren zabalkunderako lankidetzaren eredu iruditzen zaizkit-eta. Eta jakina, laguntza edo informazio eske joanik erantzuteko astia hartu eta argibideak eman dizkidaten guztiei ere, eskerrik asko.

Arrauna ez ezik bertsolaritza ere gustuko dudalako, bi arlo horiek batzen dituzten idazkiak prestatu izan ditut askotan, kontu zaharrei buruzkoetan bereziki. Izan ere, egunerokotasun hurbilenetik ihes eginda, aspaldiko kontuak eta Donostiako arraunaren iraganeko istorioak kontatzea ere gustagarri gertatu zait, besteak beste: Luis Karril donostiarra zela azpimarratzea; 1915-6ko Kontxetan donostiarrek, oriotarrek eta hilkutxa batek protagonizatutako gorabeherak; XIX. mendeko Getariako izurdearen eta Donostiako botakarraren arteko desafioa; 1948an Kontxako banderan bertan Franco hiltzeko izan zen saioa; eta beste hainbat.... blogaren eskuineko Etiketak atalean Kontu Zaharrak hautatuta izango dituzue eskueran (bertsoak dituztenak bilatzeko, Bertsoak etiketa hautatu).

Atal horretako Donostiarra (Kudeaketa-zuzendaritza) etiketa hautatuta, klub horren zuzendaritzan, kudeaketan, bazkide bilaketan, eta antzekoetan izandako berriak aurkituko dituzue. Donostiarra (Kirola) etiketan, berriz, kirol-jarduneko emaitzak, plantilla kontuak eta bestelakoak. Bi arloetan, klubarentzako urte garrantzitsua izan da hau, garrantzitsua izan denez. Gainerako etiketetan, Donostiako arraunean eragina duten klub, pertsonaia, lehiaketa eta era guztietako berriak biltzen saiatu eta antolatzen saiatu naiz. Zuek esango duzue asmatu dudan edo ez.

Eskuineko zutabean agertzen den nire posta helbidea zuen esku geratzen da, zerbait komentatu nahi baduzue, edo, zuzenean, zerbaiten kexa egiteko arrazoia ikusi baduzue. Eta ezin aipatu gabe utzi Facebook-en ere badela Tornozulotik Bloga (izen horixe baitu sare sozial horretan); nahi duen edozein egin daiteke blogaren "lagun", hala nahi izanez gero.

Tira, nire aldetik besterik ez. Han eta hemen biltzen ditudanak nahi duenaren eskueran jartzen saiatuko naiz aurrerantzean ere; beraz, eskerrik asko kontatzen ditudan albiste, istorio eta bestelako txorradak irakurtzeko interesa edo pazientzia izan eta izango duzuen guztioi.

2010/03/03

Plantillari buruzko datu gehiago

Plantillaren osaerari buruzko datu gehiago ematen dizkigu Diario Vascoko gaurko aleak. Duela bi aste 35 arraunlari zituela zioen Mendi entrenatzaileak Irutxuloko HITZAn; gaurko albistean, bat gehiago, 36, dituela jakinarazten digu.

Aurten etorri diren arraunlarien arteko berri esanguratsuena Unai Luzuriaga "Txinpart" traineruan izango dela jakitea da; erretiratzeko edo aurten atseden hartzeko asmoa zuela zabaldu izan da, baina, antza, Donostiarrako tostetan ikusi ahal izango dugu. Berri bikaina, dudarik gabe.

Donostiara zetorrela ez genekien beste arraunlari berria Iker Iturralde da (oker ez banago iaz hasi zen arraunlari hau San Pedron, eta Trintxerpen utzia aritu zen). Zehaztutako bi horien ondoan, lehen ere aipatutako Cascante, Kortadi, Enriquez, Andonegi, Iglesias, eta Clavijoren berri ematen digu egunkariko albisteak. Asier Lopez patroi izango dela ere berretsi du.

Iaztik hona abantaila bat badela dio Mendik: alderdi teknikoa. Izan ere, iaz arraunkera ezarri behar izan zuen, eta etxeko arraunlariek esfortzu hori nolabait egina dute, aurten asimilatua izango dute arraunkera; berriek bateratzea izango da erronka, taldea osatzea.

(Argazkia: diariovasco.com)