2009/12/29

Zurrumurruak eta Urte Berri on !!!



Tira, 2009 urtea amaitzear dagoen honetan, hurrengoari begira hastea besterik ez zaigu geratzen. Aurrekoan gaizki egindakoetatik ikasi, eta 2010ean hobeto aritzeko ahaleginak egin.

Hori horrela, zurrumurruen munduan gabiltza Donostiarran zer gertatzen den jakin nahian. Duela aste gutxi oso beltza zen panorama, antza: esponsorrik ez, dirurik ez, kanpotik arraunlari onik ekarri ezin, eta, panorama horren aurrean, etxekoak ere alde egiten. Dirudienez, egoerari buelta ematekotan dira zuzendaritzakoak: esponsor indartsua lortu omen dute (zein den ezin esan, baina entzun dudanez, ezaguna izan daiteke), eta horren harian, maila dezenteko hainbat arraunlari ezagun erakartzeko bidean omen dira donostiarrak. Izen batzuk badabiltza hor zehar bolo-bolo, baina nahiago ezertxo ere ez esan, "omen" horiek denak errealitate bihur daitezen arte.

Datorren urtea on-ona izan dadila denontzat, eta Donostiarrak eta Donostiako arraunak pausotxo bat aurrera egin dezala bere sendotze progresioan.

Zurrumurruak eta Urte Berri On denoi!!!

2009/12/23

1959: Pasai Donibaneko Pietate bitxia



Argazki hau ez da donostiarrena, eta ez du Donostiarekin zuzenean zerikusirik, Kontxan egina dela ez bada. Baina, hala ere, blog honetan jartzea erabaki dut, merezi duelakoan. Uste dut Amara Zaharreko La Barranquesa jatetxe ezagunean ikusi nuela lehen aldiz argazki hori. Eta, gerora, inguruko janari-denda batean ere zintzilikatuta egon zela iruditzen zait. Beti pentsatu izan dut argazki ederra, estetikoa eta gogorra dela. Kirol honen alderdi latz eta ia epikoa etorri zitzaidan gogora, ikusi nuen lehen aldian.
Bitxikeria gisa, traineruaren branka aldean Pietate edo Pietá moduko konposizio kuriosoa agertzen da: arraunlari bat, leher eginda, beste baten magalean datza, Jesukristo eta Ama Birjinak eratutako irudi dramatiko ezagunaren modura.
Diario Vascoko artikulu honetan zehazten da argazki horren nondik norakoa. 1959ko Kontxako Banderan ateratakoa da irudia, eta Pasai Donibaneko Yola klubeko tripulazioa ageri da bertan. Hona hemen ontzian ageri direnak: Bibiano Etxabe, patroi; arraunlariak, ababorrean, Manuel Etxabe, Felix Makazaga, Iñaki Lopetegi, Carmelo Garmendia, Esteban Sagarzazu eta Miguel Goikoetxea; istriborrean, Imanol Goikoetxea, Joxe Salaberria, Antonio Legorburu, Anakel Garmendia, Miguel Egaña, Joxe Mari Karrere eta Ramon Goikoetxea.

Pietatean, berriz, Joxe Salaberria da "Jesukristo", eta Imanol Goikoetxea "Ama Birjina".

2009/12/11

1948: Franco Kontxako Banderan hiltzeko saioa

Bai, ondo irakurri duzue. Lehenagoko blog-sarrera batean aipatu nuenez, diktadorea, Donostiara uda pasatzera etortzen zenean, Kontxako Bandera ikustera etorri zalea zen; eta, egoera hori aprobetxatu nahiean-edo, uretan traineruak jo eta ke ari ziren unean Franco atentatuan hiltzea bururatu zitzaien anarkista batzuei 1948an.

Ez pentsa, gainera, asmoa nolanahikoa zenik, hegazkinez bonbardaketa egitea baitzen plana. Ez didazue esango ez denik oso irudi zinematografikoa: marko inkonparablea, traineruak lehian itsasoan, bazterrak milaka pertsona oihularirekin gainezka... eta, hara, zeruan hegazkin bat agertu hegaldi arinean, bonbak askatu, eta "daanbaaaaa!!" Francoren itsasontzia milaka zati eta printzatan lehertuta eztanda lehor batean.
Laureano Cerrada Santosek jarri zuen martxan atentatua. CNTko kide hau, Gerra Zibilean borrokatu eta gero, Frantziara ihes egin eta erresistentzian aritu zen naziek okupatutako aldean. II. Mundu Gerra amaitzean, Franco borrokatzeko xedeari ekin zion. Franco hiltzea izango zuen helburu, hain justu. Eta, zer okurrituko eta, traineru festa aprobetxatuz, diktadorearen itsasontzia hegazkinez bonbardatzea.

Horren atentatu berezia egiteko, hegazkina behar zuen aurrena. “Nord 1202/II Norécrin II” modeloko abioi kaxkar bat eskuratu zuen ("bizikleta bat", atentatuan parte hartu zutenen hitzetan). Kaxkarra, baina 175 kilo lehergai eramateko modukoa. Azpialdean, fuselajea zulatu eta arrapala erako batzuk eratu zituzten, bonbak bertatik askatzeko.

Hala, 1948ko irailaren 12an, Banderaren bigarren jardunaldian, ordubata aldera, Hondarribia eta Pedreñaren lehiak bazterrak sututa zituen unean, abioi bat azaldu zen Donostiako zeruan, pirueta bereziak eginez. Kirol-festaren barruko beste ikuskizun bat zela pentsatu zuten askok, baina ez, Frantzia aldetik aireraturiko bonba-hegazkina zen. Plana pentsatu bezala zihoala uste izango zuten anarkistek, seguru asko...

Alabaina, Francoren itsasontziaren bertikala hartzea lortzeko aukera izan baino askoz lehenago, armadako hidroabioi bat eta kaza batzuk hurbildu zitzaizkien hegan. Maniobra batzuk egiten saiatu arren, argi ikusi zuten berehala ihes egitea beste aukerarik ez zutela. Gainera, itsasontziko kanoi antiaereoak hegazkinerantz apuntatzen hasi zirela ere konturatu ziren. Bonbak nola-hala bota-ez-bota zalantzan izan ziren pixka batean, baina ez botatzea erabaki zuten azkenean. “Ni una bomba en el barrio de los pescadores, todas para el pescador de agua dulce” omen zen kontsigna. Azken maniobra bat baliatuz, hanka egitea lortu zuten.

Luze eztabaidatu izan da zerk huts egin zuen. Norbaitek abisua eman zuela da uste zabalduena, txibatazoa izan zela, alegia. Kontuak kontu, Cerrada ez zen amore ematekoa, eta beste atentatu saio batzuk burutatu zitzaizkion, Aieteko jauregian egitekoa, adibidez. Horiek, ordea, beste leku baterako istorioak dira.

Gertakari honi buruz gehiago jakin nahi duenak, jo dezala hona edo hona, edo azken web orri horretan azaldutako bibiografiara. Eta, liburu horietatik, hona bereziki: Los atentados contra Franco, Eliseo Bayo, Plaza & Janes, 1976.

Hona hemen, traineru-estropada horretan Franco erakusten duen NO-DOa. Hondarribitarren eta Pedreñakoen arteko lehia aipatzen da, eta donostiar ugari Alderdi-Ederren diktadoreari agur egiten. Atentatu-saiakeraz, baina, ez da ezer esaten, noski:




(Argazkiak: Laureano Cerrada eta atentatuan erabilitako hegazkin modeloa. Iturria: diariodevurgos.com)

2009/12/02

Clavijo loiolatarrak ergometro maratoiko marka lortu du



Gaurko Irutxuloko HITZAn kontatu zaigu Joseba Clavijo arraunlari loiolatarrak ergometro gaineko maratoi distantziaren aurtengo munduko markarik onena lortu duela. 2007an egin zuen saioa lehen aldiz, eta 2 ordu 59 minutu 27 segundo eta 9 ehunen behar izan zituen 42,195 "metroak" egiteko. Joan den asteburuan, berriz, 20 minututan hobetu zuen marka, 2 ordu 39 minutu 32 segundo eta 9 ehuneneko denbora ezarrita.

Albistean aipatzen denez, baliteke Joseba Clavijo aurten Donostiarran aritzea. Hala balitz, berak entrenatutako hainbat arraunlari izango lituzte tostakide, Ur-Kirolaken arraun egindakoa eta bertako entrenatzaile izandakoa baita Clavijo.