2009/04/21

Kontxa 1915-1916: Donostiako hilkutxa eta oriotarrak ziatzen



Donostiarrek estropaden historian bizi izandako xelebrekerien artean, aipatzekoak dira 1915 eta 1916ko Kontxako Banderetan gertatutako kontuak. Protagonistak: hilkutxa bat, bi arraunlari oriotar adar-jole, eta bi aldeetako bertsolariak.

Kontxako Bandera, gertatutako hainbat katramila zirela-eta, urte batzuk antolatu gabe izan zen, harik eta 1915ean berriro antolatzea ebatzi zuen arte Donostiako udalak. Udaleko ordezkariak inguruko herritara joan ziren, gonbitak egin eta estropadarako tripulazioak erakartzeko asmoz.

Lau ontzi batu ziren irailean lehiarako: Pasai San Pedro, Pasai Donibane, Orio eta Donostia. Oriotarrak ziren faborito nagusi, 100 - 40 aldearekin egin baitziren trabesak. Beste bi lehiakideak nolabait gutxietsiz edo, harrokeria punttu batez iritsi omen ziren Kontxara sanpedrotarrak eta, bereziki, oriotarrak. Fanfarroikerian burlaka aritu omen ziren Oriokoak, banderaren aurreko egunetan.

Baina, zer da kontua eta, lehen igandean, Donostia eta Pasai Donibane sailkatu aurreneko bi postuetan! Pronostikoak hankaz gora bota ziren egun hartan, egundokoak entzun behar izan zituzten oriotarrek, harrokeria harengatik barrena minduta zuten donostiarren ahotik. Horren lekuko dira ondorengo egunetan argitaratu ziren bertso ugariak; hona hemen adibide bat:

San Pedro ta Oriyoko
arraunkalariyak
aspaldin zebilzkiten
arrunka aundiyak;
orra oien ollasko ta
zekor-aragiyak,
geratu dira oso
lotsagarri biyak
beñere eztu gauz onik
burla geyegiyak.

(Fermin Imaz bertsolari donostiarrarena da, Antonio Zabalaren ustez. Oriotarrei egindako "errietaz" aparte, ez da ahaztu behar, hala ere, donostiar askoren jokabidea ere kritikatu zuela bertsolari horrek; mezu honetan bildu nituen bertsoak urte hartakoak dira.)

Bigarren igandean, sanjuandarrak faborito (100 - 20 apustuetan), baina, itsaso zakarrarekin eta euri-zapar bortitzen pean, Donostia atera zen irabazle Pasai Donibaneren aurretik (hona hemen 1915eko denborak). Donostiarren tripulazioa: Francisco Vaqueriza “Soterotxo” patroi, Agustin Vaqueriza, Sebastian Vaqueriza, Cecilio Vaqueriza, Pascual Vicuña, Felix Vicuña, Javier Galdos, Jose Maria Zubiaurre, Roque Landaberea, Fermin Aristegieta, Jose Juan Aldanondo, Cleto Blanco, Jose Urresti eta Jose Maria Olaizola.

Garaipen handi horrekin harrotuta, donostiarrek, Oriokoei iseka egiteko asmoz, oriotarren hileta antzeztu zuten San Martin kale inguruan: kaja bat hilkutxa modura ibili zuten hara eta hona, haren gainean kandelak eta guzti jarrita. Pentsa liteke ez zutela batere gozo hartuko hori oriotarrak; haatik, barrenean gordeta edukiko zuten guztia, ederki gordeta eduki ere... eta hurrengo urtean etorriko zen buelta, 1916an.

1916an, Kontxako Bandera pixka bat egonkortzeko bidean zihoan, eta zazpi traineru elkartu ziren norgehiagokan: Donostia, Orio, Getaria (2 ontzi), Zarautz, Pasai San Pedro eta Pasai Donibane. Antza, urte horretan donostiarrak ibili ziren zertxobait aho-bero, eta ankekoak ziatzen jarrita ere irabaziko zutela esanez aritu omen ziren. Hala ere, Orio, erraz eta garbi, eta Donostia, ozta-ozta, sailkatu ziren bigarren iganderako. Jakina, aurreko urtean gertatutakoaren ondoren, ez zen makala izango morboa, donostiarrak eta oriotarrak parez pare aritu behar zutelako.

Eta ezagun da oriotarrak, aurreko urteko episodioak amorratuta eta urte horretako donostiarren harrokeriaz suminduta, ezin hobeto eta guztiz serio prestatuta iritsi zirela bandera hartan lehiatzera. Lehen igandean bezala, Orio nagusi izan zen bigarrenean ere, eta aise gainera, nabarmen (hona hemen 1916ko denborak).

Hainbesterainokoa izan zen nagusitasuna, itzulerako luzean Orioko traineruko bi arraunlari (ankekoak, pentsa liteke), dezente aurrea hartuta zeudela ikusita, zutik jarri omen ziren ontzian, eta ziatzen hasi, donostiarrei burla egiteko. Giroa gori-gori jarriko zuen horrek, noski, eta lehorrean, Portaletan, mutur joka aritu omen ziren bi herrietako jarraitzaile batzuk.
Bertsolarien artean ere, iritsi zen kontuak garbitzeko ordua (Gaztelu bertsolariarenak dira, Antonio Zabalaren ustez):

Juan dan urtian Oriyon
galera aundiyak,
paperan beintzat ala
ziran jarriyak;
uste det bueltak ere
dirala etorriyak,
egundaño gauza onik
ez arrokeriyak;
orra komeriyak,
gaude igarriyak,
aurten irabaziyak
jaunari graziyak,
ordañetan izaten
dira odolkiyak.

(Argazkia: Pasai Donibaneko trainerua, 1915eko Kontxan.)

2009/04/06

Donostiarra-Kaiarribako bazkide egiteko


Donostiarra - Kaiarribako bazkide egin nahi duenak, inprima dezala eskaera orria (adibidez Ur-Kirolak klubaren webean agertzen da esteka), eta aurkeztu dezala proiektua sortu duten klub historiko horien egoitzetan.
Kuota 30 eurokoa izango da urtean.
Animo, eman diezaiogun babes eta hauspo ekonomiko eta soziala proiektu berriari.

2009/04/05

Fortuna bateletan Gipuzkoan


Batel denboraldia amaitu da, Gipuzkoari dagokionez, eta gizonezko seniorren ligan hirutik bigarren amaitu du Fortunak.
1. Pasai Donibane 26
2. Fortuna 22
3. Hibaika 14
Gipuzkoako txapelketan, berriz, hirugarren postua lortu du finalean, Pasai Donibane istriborretik sartzeagatik deskalifikatu ondoren.
1. Zarautz 8:42
2. Zumaia 8:47
3. Fortuna 9:33
4. Pasai Donibane (deskalifikatua)

2009/04/01

Luis Karril donostiarra zen, Torrekua


(Argazkia: © www.euskonews.com)

Oso zabaldua dago, baina uste okerra da, Luis Karril (1847-1892) Asturiasen jaio omen zeneko hura. Interneten bistadizo azkar bat ematea besterik ez dago, patroi mitiko honen bizitza jorratzen duten ia artikulu, liburu eta idazki guztietan horrela dioela ikusteko, alegia, Asturiasen sortu zela. Alabaina, Luis Karril donostiarra zen.
Haren biloba batek, okerreko datu hori ikusteaz nazkatuta-edo, jaiotza agiria bilatzeari ekin zion, eta azkenean lortu zuen frogatzea Luis Karril, Luis Torrekua, Donostian jaio zela eta joxemaritarra zela, Santa Maria elizan bataiatu baitzuten. Biloba horrek bere lekukotasuna ematen du artikulu honetan. Erraz berretsi dezake informazio hori edonork, Donostiako Elizbarrutiko agirien bilatzailean galdetuta (Carril C letraz agertzen da hor, noski), eta, pixka bat gehiago miatuta, garbi ikusten da patroia ez zela lehen belaunaldi donostiarrekoa. Bere aita, Agustin Karril Noel, Aginagan bataiatu bazuten ere (halabeharrez izango zen), donostiarra zela pentsa daiteke, honen anaia-arreba denak, zaharragoak nahiz gazteagoak (alegia, Luis Karrilen izeba-osabak) Santa Marian bataiatu ziren-eta. Eta, belaunaldi bat gora jauzi eginda, agiriotan ikus daiteke Luisen aitona ere, Mariano Joaquin Karril Medina, joxemaritarra zela.
Non bataiatu zen badakigu, baina non bizi zen patroi handia? Luis Karrilek Torrekua goitizena omen zuen, Torrean bizi zelako, hau da, Itsas Kontsuletxe izandakoan, gaur egungo Untzi Museoan (Donostiarra - Kaiarriba klub berriaren ikurrean agertzen den eraikinean, hain zuzen). Ez da ahaztu behar eraikin horren eta lonjaren aurrean zegoen moila edo kaiari Torreko Kaia izena ematen zitzaiola.
Bego, beraz, betiko esana: Luis Karril donostiarra zen, ez beste inongoa. Beste egun baterako utziko ditut bere heriotzaren drama eta bere garaipenik sonatuena (Ondarroari irabazi zionekoa).